- Aurtengo Euskaraldian Donostiako Udaleko 600 langilek baino gehiagok eman dute jada izena parte hartzeko eta udal administrazioan 200 arigune sortu dituzte. Kopuruak altuak dira eta duela bi urte egin zen lehen edizio hartan baino 100 langile gehiagok eman dute jada izena (izen-ematea zabalik dago oraindik).

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburua duen ariketa sozialean Udaleko zuzendaritzako, erakunde autonomoetako eta enpresa publikoetako langileek hartuko dute parte, bai taldean (aipatutako ariguneen bitartez), bai modu indibidualean. Hala, eguneroko lan hizkuntza euskararen alde aldatzeko nahia erakutsi dute, Udalak atzo azaldu zuenez.

Euskara Zerbitzua ariguneak identifikatzen aritu dela ere aipatu zuen, langileen adostasuna lortzen eta izen- ematea sustatzen. Esaterako, suen itzalketa eta prebentziorako zerbi-tzuan hiru arigune sortu dituzte, eta guztira 164 langilek eman dute izena.

Datua "oso pozgarria" da udal Gobernuarentzat, "are pozgarriago aurtengo egoerak denon eguneroko bizitza eta lan egiteko era egokitu beharra ekarri duen garaian". Izan ere, COVID-19a euskararen normalizazioan "geldiune" bat izan dela uste du Jon Insausti Euskara zinegotziak: "Hartutako zenbait bide eta egitasmo etetera edo moteltzera behartu gaitu, modu berriak asmatzera bultzatu... Ulertzen dugu testuinguru honetan aurtengo Euskaraldia abagune ederra izan daitekeela denok helburu bati bultzada eman diezaiogun. Aukera ona inertzia egokiak berreskuratzeko edo esperientzia berri bat abiatzeko".

Administrazioari euskararen normalizazioan eredugarri izatea dagokiola ere gogoratu zuen Insaustik, eta horretarako langileen eta ordezkarien parte-hartze aktiboa nahitaezkoa dela. Gainerako herritarrak ere animatu ditu Euskaraldian parte har dezaten.