Donostiaren eraldaketaren lekuko eta babesle izan da rgull mendiaren inguruan mendeetan zehar. Egungo bideo eta argazki digital eta analogikoak azaldu baino lehen, lau mendetan zehar grabatuak izan ziren hiriaren formak zabaldu zituztenak. Europan irudiak modu masiboan zabaltzeko zegoen bitarteko bakarra zen eta Donostiari buruzkoak uste baino gehiago dira. San Telmo Museoak, Gordailuarekin elkarlanean, 80 jaso ditu guztira Urgullen magalean erakusketan, mendiaren inguruan hiriaren bilakaera islatzen dutenak, eta urtarrilaren 17ra arte izango dira ikusgai. Irudiak museoko, Gordailuko eta Aldundiko bildumetakoak dira eta Zumalakarregi Museoa laguntzaile izan dute erakusketa osatzeko lanetan.

1572. urtekoa da zaharrena, Donostia "nolabaiteko fidagarritasun-mailarekin" erakusten duen lehen grabatua, Civitates Orbis Terrarum obran bildutakoa. Munduko 480 hiri deskribatu zituen lehen "atlas" horrek. Donostiaren kasuan, forma naturalak, eraikuntzak eta jarduera ekonomikoaren erreferentziak jasotzen ditu (portua), baita Sebastian Donea patroiaren irudia ere.

Erakusketak sei atal ditu eta XVI. mendetik XIX. mendera arteko grabatuak biltzen ditu. XIX. mendeko bidaia erromantikoak, gerra garaiak, hiriaren hazkundea, eguneroko bizitzako estanpak eta udaldia islatzen dituzte irudiek.

Grabatuekin batera, mende haietako testuingurua ulertzeko baliagarriak diren objektuak ere badaude, hala nola Napoleon III.ak eta Montijoko Eugeniak oparitutako murkoak edo XIX. mendeko bidaia-liburuak, besteak beste.

Erakusketa bisitatzen dutenentzat fokuak eta lupak ere sortu dituzte, atal bakoitzean lantzen den edo garaiarekin zerikusia duen gai bati buruz sakontzeko. Emakume bidaiariak, militarrak eta ilustratzaileak dira, adibidez, horietako batzuk. Lupek, bestalde, grabatuen xehetasunak aztertzeko aukera ematen dute.

80 irudiak deskubritu ondoren, erakusketan azken atal bat topatuko du bisitariak grabatu-teknikak ezagutzeko. Mikel Ruiz Pejenaute, Xare Alvarez, Ainize Txopitea eta Julen Agirre artista garaikideek, erakusketak zabalik irauten duen denboran, paisaiari eta Donostiari buruzko sorkuntza-proiektu bat garatuko dute eta emaitza teknika ezberdinekin egindako lau grabatu dituen karpeta bat izango da.

Mahai-inguruak, musika, bisitak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte. Lehenengoa asteartean izango da, 19.00etan, Mikel Alberdi historialariaren eskutik. XIX. mendeko paisaiari buruz hitz egingo du, bidaiari, militar eta ilustratzaileei buruz.