- Dbusek Aenor ziurtagiria jaso du azken hilabeteotan eta pandemiara egokitzeko hartutako neurriengatik. Autobus konpainiak atzo azaldu zuenez, neurri horien eraginkortasunaren kanpoko berme bat da COVID-19rako Protokoloen Ziurtagiria, eta Osasun Ministerioak COVID-19aren prebentziorako eta higienerako markatutako jarraibideetan oinarritzen da. Auditoriak ebaluatzen du protokoloak betetzen diren. Ziurtagiriak Donostiako garraio publikoa segurua dela bermatzen duela uste du konpainiak.

Neurri horien artean, flotaren eta Kotxetegien instalazio guztien eguneroko garbiketa eta desinfekzioa dago; ibilgailu guztietan gidariaren postuan babes manpara jartzea; prebentzio neurriei eta prozedura berriei buruz langile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioa eta gune komunak mugatzea, besteak beste. Egunero egiten zaien garbiketa eta desinfekzioa da Dbuseko erabiltzaileek gehien baloratzen duten alderdietako bat, konpainiaren arabera.

Bestalde, Dbuseko 17 eta 28 zerbitzuetan 5G teknologia probatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko beste hamabi enpresekin batera parte hartuko baitu sistema probatzeko proiektu pilotuan.