- Ekainari dagokion ohiko osoko bilkura egingo dute gaur Donostiako udaletxean eta, besteak beste, udalbatzarren araudia aldatzeko proposamena onartuko dute. Udal Gobernuak abiatutako aldaketa da eta oposizioko alderdiek kritikatu egin dute, besteak beste, haiek aurkez ditzaketen mozioen kopurua mugatzen duelako.

Ildo horretan, Elkarrekin Donostia taldeak beste aldaketa bat egitea proposatuko du, herritar eta eragileek osoko bilkuretan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, hiriginzta alorreko hainbat txosten onartuko dituzte gaurko bilkuran, eta Igeldon toki erakunde txikia eratzeko prozesua abiatzeko batzordea sortzea ere bai. Kontratazioaren urteko txostena ere aurkeztu eta onartu beharko dute.

Guztira 28 mozio eztabaidatuko dituzte. Horien artean, Lourdes Txikiri buruz Elkarrekin Donostiak aurkeztutakoa: Haizea Garay zinegotziak salatu egin du Udalak geldiarazi egin duela inguru hori berreskurtzeko proiektua.

Aurreko hilabetean berrabiatu zituen Donostiako Udalak aurrez aurreko osoko bilkurak, distan-tziak mantenduta eta segurtasun neurriak jarraituz.