Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak berez kontzertu guztiak utzi zituen bertan behera alarma-egoera indarrean sartzearekin batera, baina kontzertu horiek balkoitik balkoira eta teknologia berrien bidez eskaintzeko modua topatu dute orain. Eta lanean jarrai-tzen dute.

Jose Ignazio Ansorena zuzendaria izan zen etxeko balkoira diana jotzera atera zen lehena. Ondoren, gainerako kideek ere hartu zuten txistua eta danbolina. Pasa den igandean Segurako alborada Donostia, Oiartzun, Irurita eta Hernaniko balkoietatik jo zuten, "iganderoko lanarekin jarraituz". Ez hori bakarrik: hainbat herritako bandek eta txarangek egin duten moduan, haiek ere batera jotzen ausartu dira: bakoitza bere etxetik, baina denak batera.

"Udalaren banda gara, zerbitzu publikoa, eta konfinamendua hasi zenean guk herritarrei zer eskaini geniezaiekeen pentsatzen hasi ginen", kontatu dute. Musika eskuragarri jartzea erabaki zuten, balkoitik zuzenean ondoko etxeetan bizi direnen-tzat eta teknologia berriak baliatuz gainerakoentzat: "Musikari esker egoera atseginago egin badezakegu...". Horrelako egoera batean musikak duen balioa indartzen dela uste dute: "Etxean itxita gaude, baina oraindik musika geratzen zaigu; hori, beti".

Twitterren bidez eramaten dituzte orain urrutirago haien hotsak. Aste honetan bertan, adibidez, Iturrikoa arin-arina jo zuten Jose Ignazio eta Jon Ansorenak: "Isidro Ansorenak sortutako arin-arin klasikoa, bereziki kuttuna berarentzat eta maiz jotzen zuena edozein saiotan". Aurreko egun batean Aitor Arozenak etxetik bidalitako herri-dantza zabaldu zuten sare sozialetan. Bandako kide guztiek batera sortutako grabazioa ere jarriko dute, eta larunbatean Euskal Herri osoan Isil-isilik jotzeko deiarekin ere bat egin zuten.

Txistulari taldearen kontzertu eta emanaldi batzuk ere jartzen ari dira ikusgai sareetan, zaleek disfrutatu ditzaten.

Konfinamendu egoerari txistua! lelopean, egoera baliatu nahi dute, baita ere, txistu doinuak zabaltzen jarraitzeko. Izan ere, musikak berak eskaintzen duen gozamenaz gain, dibulgazioa ere bandaren beste helburuetako bat da eta lan handia egin du txistua ezagutarazteko. Berrikuntza asko haien eskutik etorri dira.

Donostiako egun handi guztietan parte hartzen dute (San Sebastian egunaren bezperan, inauteriak iragartzeko, Aste Nagusian, gabonetan...). Festa giroan bakarrik ez, egungo egoera zailean ere Donostiako herritarrekin egon nahi izan dute txistulariek.