Kurtzebarriko kantxan karpa bat jartzea planteatu du EH Bilduk kultur ekitaldietarako

12.10.2020 | 00:25
Albizu eta Garziaetxabe Kurtzebarri eskolako kantxan. Argazkia: A.D.

aretxabaleta – "Kultura herritar eta eragile guztiei zabaltzea da helburua; gure herriak duen aberastasunari lekutxo bat egiteko asmoz, kalea elkargune bihurtuz", adierazi du EH Bilduko bozeramaile den Ion Albizuk. Kulturari bultzada bat eman behar zaiola sinetsita, Aretxabaletako EH Bildu udal taldeak gune irakunkorra sortzea proposatu du, hau da, karpa finko bat jartzea gutxieneko baliabideekin hornituta.

Karparen kokalekurako Kurtzebarri eskolako kantxa proposatzen dute. "Herri erdian egotea, babeslekua izatea eta, bereziki, eskolari gune estali bat eskaintzea izan dira arrazoiak", gaineratu du Albizuk.

Bestalde, Udalak datozen hilabeteetarako antolatu duen programazioarekin "poztu" diren arren, orain arte egiten duten balorazioa "ez da ona". Hori esateko konfinamendu osteko hilabeteetan egindakoari erreparatu diote. Uztailaren 29ko an-tzezlanetik urriaren 4ra bitartean ez dela beste ekitaldirik egin kritikatu dute, abuztuaren 15ean Milagroko bandaren emanaldia izan ezik.

Gainera, Udalak aurten kultur ekintzetarako aurrekontutik 101.247 euro gastatu dituela azaldu dute, iaz, data berean inbertitu ziren 332.282 euroen aldean. "Aurrekontuko egokitzapenean horrela jasota ez geratu arren, murrizketak egon dira beste partida batzuetan. Datu hauek erakusten dute ez dela egoerak, herritarrak eta kultura sektoreak berak behar duen kudeaketa egin. Dirua aurrezteko irizpidea izan da nagusitu dena. Eta dirua egon, badago", azpimarratu du Jasone Garziaetxabe zinegotziak.