- Tokiko Agenda 2030 egitasmoaren baitan, eta Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, Oñatin hainbat ekintza antolatuko dira bihartik aurrera. Udalak deitu duen ideia lehiaketaren bidez mugikortasun iraunkorraren alde egiteko herrian gauzatu daitezkeen ekintza zehatzak jasoko dira. Proposamenak hilaren 16tik 22ra bitartean egin beharko dira www.oñati .eus webgunean. Haur zein helduei zuzenduta dago eta guztien artean bizikleta tolesgarri bat zozkatuko dute.

Ekintza nagusiak larunbatean izango dira. Eguna familientzat Usakora bizikleta martxarekin hasiko da (11.00). Herriko plazan informazio puntua ipiniko dute, 11.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 18.00etara, Tokiko Agenda 2030, mugikortasun iraunkorraren dekalogoa eta beste zenbait konpromiso azaltzeko. Leku berean, 15.30etik aurrera, 6 eta 10 urte bitarteko haurrei mural tailerra eskainiko zaie.