bergara - Datorren urtarrilaren 28an edizio berri bati ekingo diote Debagoieneko Kirol Sariek (DKS) Bergarako Seminarixoan (19.00). Eskualdeko bederatzi udalek atzo eman zuten jakitera zein herritar sarituko dituzten. Herri batzuetan herritarren esku utzi dute, eta beste kasu batzuetan udaleko ordezkariek izan dira erabakia hartu dutenak. Hala, kirol lorpenak aitortzeaz gain, herriko kirol taldeen alde egindako lana da gehien nabarmendu den sarituaren profila.

Horrela, Arrasateko Udalak Fernando Zufiria Txufiri emango dio saria. Herriko atletismoa ez dago ulertzerik Txufi barik. 1969an Juventud Deportiva de Mondragonen hasi zen, eta hastapenetatik dago Arrasate Atletiko taldean. Bergarako saria herriko eskubaloiaren alma materrak, Josetxo Muniategik, jasoko du. 80ko hamarkadatik kirol honen alde dabil lanean, bai zuzendaritzan eta baita entrenatzaile moduan ere.

markel irizar, oihana aldai... Oñatiko saritua Markel Irizar txirrindulari ohia izango da. Futboleko atezaina den Oihana Aldairi emango dio saria Aretxabaletako Udalak, eta Eskoriatzakoak, berriz, Narciso Pavo areto futboleko entrenatzaileari.

Elgetan, Iñaki Olaortua futbol jokalariaren lana aitortuko dute, eta Antzuolan, Aitor Mendizabal pilotaria izango da saritua. Zortzi urtez Aspe enpresako elastikoa defendatzen ibili eta gero, Mendizabalek abenduan esan zion agur elite mailako pilotari. Aramaion, Aitor Ugarte mendi lasterkariak, eta Leintz Gatzagan, Jose Inazio Beloki pilota entrenatzaileak jasoko dute saria. - A.D.