Soraluzek zuhaitz landaketa antolatu du datorren larunbaterako

Landaketa Udalaren jabetzakoak diren Gizaburuaga eta Atxolin lur sailetan egingo da eta 16 urtetik gorakoek har dezakete parte

09.03.2021 | 00:57

Soraluze – Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapeneko departamentuak bertakoak diren zuhaitzen landaketa antolatu du datorren larunbaterako, Soraluzeko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia fundazioarekin elkarlanean.

Zuhaitz landaketa Karakateko mendilerroan egingo da, "Udalaren jabetzakoak diren Gizaburuaga eta Atxolin izeneko lur sailetan", hain zuzen ere.

Udaletik jakinarazi dutenez, covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, aurtengo landaketan 16 urtetik gorako herritarrek bakarrik parte hartu ahalko dute eta interesatuek info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidali dezakete izena emateko.

Edonola ere, datorren larunbateko zuhaitz landaketan parte hartzera animatzen direnek 9.00etan dute hitzordua Urkia zelain.

Zuhaitz landaketa goizean zehar egingo da eta antolatzaileek "ura, hamaiketakoa egiteko janaria, mendiko botak eta arropa erosoa" eramatea gomendatzen dute. Izan ere, eskularruak eta landaketa egiteko tresnak "antolakuntzak jarriko ditu".

3.000 zuhaitz Azken lau urteetan 100.000 metro karratuko lur eremua erosi du Soraluzeko Udalak Karakateko mendilerroan eta bertako 2.998 zuhaitz landatu ditu bertan. Hala, Gizaburuagan (12.000 metro karratu) 480 pago landara sartu ditu, Pagobedeinkatuan (22.426 metro) 938 pago, Atxolinen (18.100 metro) 688 pago eta Idoia-Azkabeitiaburuan (26.289 metro) 900 pago, haritz, lizar, astigarra eta artia landarak.

noticias de noticiasdegipuzkoa