- Hernaniko Udalak eta Behemendi eta Dekolore elkarteek antolatzen duten lore eta landare azoka berezia larunbatean bueltan izango da iaz pandemiarengatik huts egin ondoren. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da.

Azoka Urbieta kalean burutuko da 10.00etatik 14.30era arte. Guztira, hamahiru postu jarriko dituzte azokan, Euskal Herri osotik etorritako saltzaile eta artisauekin: Gipuzkoatik, Hernaniko Mendilore, Lasarte-Oriako Semillas Ecológicas, Donostiako Lore Prentsatua, Usurbilgo Urtinea, Sara Letamendia eta Oiar-tzungo Zunoyar Lorategia eta Islaya; Nafarroatik, Viveros el Montañés, Aritzkurengo Tienduka, Flores Ganchillo eta Sojo Natural; eta Bizkaitik, Ortuberri eta Tissus Artisautza.

Lore eta landare postuak izango dira gehienak: landare aromatikoak, kaktusak, garaikoak, barrurako zein kanporako lore eta landareak... Baina izango dira bestelako postuak ere: lore prentsatuarekin egindako koadroak, kosmetika naturala...

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, azoka honen helburu nagusia lore eta landare dendak kalera atera, beste espazio bat hartu, eta bezeroekin harreman zuzena izatea da.

Nahiz eta azoka berreskuratu, covid-19ak eragindako egoera berezi honen ondorioz, aurten ez da izango tailerrik haurrentzat, ezta egurrezko jokurik ere.

Bestalde, Hernaniko Udaltzaingotik aditzera eman dutenez, azokak zenbait aldaketa ekarriko ditu trafikoan. Honela, larunbatean bertan, 8.00etatik 15.00etara, Urbieta kalea itxita egongo da Biteri kaleraino. Beraz, Urbietara iristeko Biteri kaletik sartu beharko da.

Bestalde, ingurumenarekin lotutako beste ekintza bat antolatu du Hernaniko Udalak aste honetan.

Izan ere, gaur Urumea bailarako aisialdi guneen inguruko azterketan parte hartzeko bigarren bilera irekia burutuko da Biteri kultur etxean 18.00etan. Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea Hernaniko Udalaren webgunean azaltzen den formularioa betez edo 943 543 016 telefonora deituta.

Urumea bailaran zehar, Hernaniko udalerrian, aisialdi guneen erabileraren inguruan sortutako kezken harira pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin, azterketa bat abian jarri zuen Udalak.

Azterketaren helburua aisialdi jarduerek sortutako egoeraren diagnostikoa egitea da eta bertatik eratorriko den ekintza plan bat diseinatzea. Gaurko saioan diagnostikotik jasotako emaitzak azaldu eta gauzatu daitezkeen ekintza proposamenak bilduko dira.