Gaztelaniaz idazten ditugun abizenak euskal grafiaz idazteko aukera ematen duen Apelliduak abizendu kanpaina martxan jarri du aurten ere Lasarte-Oriako Udalak, Buruntzaldeko gainerako Udalekin batera.

Horretarako, hiru agiri soilik bildu beharko dira prozesua martxan jartzeko: errolda-agiria, udaletxean eskatuko dena; jaiotzagiri literala, Bake Epaitegian edo, Donostian jaiotakoen kasuan, Donostiako Erregistro Zibilean eskuratuko dena; eta NAN agiria.

Ezkonduta daudenek edo seme-alabak dituztenek familia-liburua ere eskura izan beharko dute. Behin agiri horiek biltzean, Bake Epaitegira joan behar da eta bertan egiten dute aldaketa. "Oso tramite sinplea eta erraza da", animatu dute.

2000. urtetik Buruntzaldean abizenak euskalduntzeko prozesua martxan jarri zen, eta ordutik, ehunka herritarrek egin dute abizena euskal grafiaz jartzeko urratsa.

Aurten, beste urtetan bezala, 18 urte bete dituzten herritar guztiei gutun bat bidali zaie prozesuaren nondik norakoak azalduz. Era berean, Lasarte-Oriako zenbait puntu esanguratsutan kanpainaren diptikoak utziko dira, interesa duen orok zer tramite egin behar dituen jakin dezan.

Batez ere, deialdia Arregui, Churruca, Loyarte eta Echeverria bezalako euskal abizenak dituztenei bideratuta dago, euskaldunak izanik bere grafia euskaraz bihurtzeko xedearekin: Arregi, Txurruka, Loiarte eta Etxeberria.

Prozesuaren inguko zalantzak izanez gero, Lasarte-Oriako udaletxeko Euskara Zerbitzuarekin kontsulta daitezke, euskara@lasarte-oria.eus helbidera idatziz edo 943 376 184 telefonora deituz.

Bestalde, euskararen presentzia bermatzeko Buruntzaldean dagoen beste kanpaina bat errenta aitorpena euskaraz egitea da, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen.

Aldundiak 2023. urterako, 100.000 gipuzkoarrek errenta aitorpena euskaraz egitea lortu nahi du.