- Euskal Trenbide Sareak Usurbilgo tren geltokia berritzeko urratsa egin zuen iaz, 2010ean idatzi eta baztertuta gelditu zen proiektua berridazteko lehiaketa jarri baitzuen martxan. Esleipen hura Typsa enpresak eskuratu zuen , eta aurten, urtea bukatzerako, berridatzita izango dutela aurreikusi dute. Haiekin harremanetan dago Usurbilgo Udala, geltoki berria herriarentzako ahalik eta egokiena izan dadin. Helburu horrekin pare bat aldaketa nagusi planteatu dizkiete, eta begi onez hartu dituzte.

Aldaketa horietako bat zubi berria motzagoa egitea da. 2010ean planteatutako zubia Etxealdiatik Atalluko industriagunera arte luzatzen zen, N-634 eta trenbideaz gain, Ingemarrera eta Santueneara doan errepidea ere gainetik pasatuz.

Esan bezala, Udalak motzagoa egitea planteatu die: Etxealdiatik abiatu eta N-634 errepidea eta trenbidea gaindituta, zubia Ingemar sarreraraino eramanda, Atallura iritsi gabe. Modu horretara, Santuenearen eta kaxkoaren arteko lotura zuzenagoa litzateke oinezkoentzat, inpaktu txikiagoa eragingo luke, eta merkeagoa litzateke, Udalaren esanetan. “Batera zein bestera, oinezkoen segurtasuna erabat bermatuko da, trenbide pasagunea ezabatuko baita, herriko puntu arriskutsu bat desagerraraziz”, azpimarratu dute.

Udalaren beste eskakizun bat izan da zubia eta geltokia bereizita egiteko aukera jasotzea proiektuak. Alegia, geltokia berritzeko obrak edozein arrazoi tarteko atzeratu beharko balituzte ere, zubi berria egiteko oztopo izan ez dadin.

Geltoki berria trenbide pasagune hori dagoen inguruan egingo lukete. Kaxkotik zein Santueneatik joanda ere, zubitik sartuko lirateke erabiltzaileak geltokira, eta eskaileren edo igogailu baten bidez jaitsiko lirateke Donostiara edo Zarautza joateko nasetara.