Astigarragako Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozedura jarri zuen abian pasa den otsailean. Prozesu honen azkeneko fasea, galdeketa, uztailaren 13tik 21era burutu zen. 21 proposamen zeuden aukeran eta pertsona bakoitzak lau aukeratu behar zituen, gehienez. Guztira 515 pertsonek parte hartu zuten.

Aste honetan, Udalak jakitera eman du bozketaren emaitza. Honela, boto gehien jaso dituen proposamena Andre Gobadarien ibai-parkearen gunea osatzea izan da. Honenbestez, pantalan bat, txakurrentzako espazio itxi bat, adinekoentzat ariketa fisikorako eta txikientzat jolas guneak eta gimnasio batentzako espazioa egokituko dira eta argiteria indartuko da.

Proposamen hori gauzatzeko aurrekontua 210.000 eurokoa da eta, beraz, parte-hartze prozesuko aurrekontua osorik ekimen horretara bideratuko da. Proposamen horrek 315 boto eskuratu ditu (boto guztien %17,02). Bozketan parte hartu dutenen artean 30 eta 49 urte bitartekoak izan dira parte-hartzaileenak, bozketa eman dutenen %67 adin-tarte honetakoak izan baitira. Generoari dagokionez, emakumeak aktiboagoak agertu dira, %56,50.

Bigarren proposamen bozkatuena hondakin organikoarentzako poltsa konpostagarrien doako banaketa izan da, baina honek ia Andre Gobadarien parkearen osaketak baina bozka erdiak jaso ditu, konkretuki 176 boto (%9,51).

Haur parkeen hobekuntza (%7,83), Bidebitarte poligonoaren zati bat asfaltatzea eta herri baratzeen parke publiko berri bat (biak %6,05 babesarekin) eta euskararen erabilera sustatzeko programa eta irisgarritasuna hobetzeko lanak (berdinketa ere eman da hemen, %5,13 babesarekin) aurkitzen dira hurrengo postuetan.

%5eko baino gutxiagoko sostenguarekin Santiagomendiko aterpea eta inguruak berritzea, genero berdintasuna sustatzea, Arrobitxulon gune estali bat egokitzea eta skate park bat Portutxon kokatzen dira.

%3ko edo gutxiagoko babesarekin Murgia parkean hobekuntzak, Portutxon komun publiko berri bat instalatzea, Juangitene plazaren ur-arazoei buruzko azterketa gauzatzea, banda zabala sarea landa-eremura eramatea, baserriak mantentzeko edota berritzeko laguntzak, alokairurako dirulaguntzak eta mural parkearen eraketa herrian zehar aurki-tzen dira.

Azkeneko postuetan frontoian berritze lanak gauzatzea, Anuska auzoaren hiritartze partziala eta Foru Plazan egiten diren jaietarako egokitze lanak burutzea daude. Behar bada, Foru Plazaren birmoldaketa azkeneko postuan geratu da, soilik 22 bozkekin (%1,19), COVID-19ak sortu duen kezkarengatik eta herriko jaiak eten direlako.

Aurreko urteetan aurrekontu parte-hartzaileei esker ikastolako jolastokia estali da, zahar egoitzan berri-tzeak egin dira eta laster Arrobitxulon bizikleten pista izango dute.

Pantalan bat, txakurrentzako espazio itxi bat eta adinekoentzako ariketa fisikoa egiteko zonaldea egokituko dira