- Andoaingo Udalak dagoeneko 135 dei egin dizkie Mendekotasun Legeko prestazio ekonomikoen onuradunei alarma-egoera ezarri zenetik beren egoera zein den jakiteko. Aditzera eman dutenez, Udal Gobernuaren lehentasunetako bat izaten ari da "herritarrei hurbileko arreta eta zuzeneko harremana eskaintzea".

Alde batetik, LPPE (Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa) jasotzen duten 75 pertsonekin harremanetan jarri dira Udaletik eta egiaztatu dute "pertsona gehienek asebeteta dituztela beren beharrak". Gainera, laguntza teknikoei, telelaguntzari eta Gizarte Zerbitzuetatik kanpoko beste baliabide eta zerbi-tzu batzuei buruzko informazioa eskaini zaie baliagarra izango zaielakoan.

Bestalde, dagoeneko harremanetan jarri dira udal teknikariak Fizpe (Familia Inguruan Zaintzeko Prestazio Ekonomikoa) jasotzen duten 209 familietatik 60rekin. Baieztatu da, oro har, ondo konpontzen ari direla eta familiakoen laguntza izaten ari direla erosketak egiteko eta unean uneko laguntza emateko. Halaber, informazioa eman zaie honako gai hauen inguruan: etxez etxeko laguntza zerbitzua, LPPE, laguntza psikosoziala, eguneko zentroa, doluan laguntzeko telefonoak eta abar.

Familia horietako askotan, mendekotasuna duen pertsona adingabea da, eta terapiara joaten diren zentroen laguntza (Pausoka, Gautena, Atzegi edo Agifes, besteak beste) izaten ari da zaintzailea, bideokonferentzien eta online tratamenduen bidez, baina baita adingabe horien ikastetxeetako profesionalen lagun-tza eta jarraipena ere.

Andoaingo Udaleko teknikarien areabera, telefonoz egin diren dei hauetan "oso elkarrizketa hunkigarriak izan dira eta batzuk maitagarriak ere bai", eta guztietan Gizarte Zerbitzuek emandako arreta eskertu dute. Datozen asteetan, Andoaingo Udalak deiak egiten jarraitzeko asmoa du eta hauteman diren kasuak eta arazoak dagokion gizarte langilearengana bideratuko ditu.