Usurbilgo eta inguruko baserritar txikiak laguntzeko helburuarekin, 1908. urtean Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba Elkartea sortu zen. Asier Kortadik, kooperatibako kudeatzaileak, gogorazi duenez, garai berean sortu ziren kooperatiba gehienak, eta herri guztietan an-tzeko eredua hartu zuten. Elizaren ingurukoak ziren, udaletxearen babesa zuten, eta gehienak Alkartasuna izena hartu zuten. Hasieran, baserritarrek eskuratzeko zailtasunak zituzten lehengaiak lortzea zen helburua.

Baina 100 urte luze hauetan lehenengo sektorea asko aldatu da eta kooperatiba gehienak desagertu egin dira. Zerk eragin du Usurbilgoak aurrera egitea? "Duela 20 bat urte zuzendaritza ohartu zen pentsuaren erosketa beheraka zihoala eta lehen sektoreko lehengaiak geroz eta gutxiago saltzen zirela; orduan dibertsifikatu behar zela ikusi zen eta Usurbilgo kooperatiba inguruko herriei zabaldu behar geniela, gama zabalduz eta ahalik eta produktu gehienak saldu ahal izatea hona etortzen den bezeroa erosketa integral bat eskaini ahal izateko", azaldu du Kortadik.

Gaur egungo denda 2011ko ekainean zabaldu zen. "Beste aurrerapauso bat izan zen. Lehen Ugarte poligonoan zegoen, baina hor etxeak egin zituzten eta Atalluko poligonora etorri ginen", azaldu du.

"Ez da ibilbide luze bat egin behar dendara etortzeko eta kotxearekin etortzeko erraztasunak ematen ditu. Oso denbora gutxian behar dituzun produktuak lortzen dituzu", baieztatu du Alkartasunako kooperatibako kudeatzaileak.

"Dendan behar guztiak asetzen saiatzen gara. Baratzatik hasita, frutaleekin lotuta dauden gauza guztiak (haziak, ongarriak, tratamenduak, landareak...), lanerako arropa, etxerako garbikariak, burdindegiko produktuak, liburuak, etxeko animalientzako elikadura eta tratamenduak, edariak... pixka bat denetarik. Nahi duguna da supermerkatu txiki bat izan ahalik eta eskaintza zabalenarekin", jakinarazi du.

Hori bai, supermerkatu honen bereiztasuna bere filosofia da: "Produktuak ahalik eta gertuen eskuratzen saiatzen gara. Gure lehenengo aukera Usurbilgo nekazarien produktuak dira, lehenengo Alkartasunako bazkideei erosten dizkiegu eta ondoren bazkide ez direnei. Usurbilen gai batzuk ezin direnean lortu, pixkanaka erradioa zabalduz joaten gara, baina ahalik eta gertueneko produktuak ekartzen ditugu". Beste desberdintasun bat garaiko produktuekin lan egiten dutela da. Garai honetan, babarrun mota desberdinak eta intxaurrak dira nagusi.

Atallura lekualdatzea honera izan dela aitortzen du Kortadik: "Hemen denda handiago bat dugu eta bestetik, kooperatiba bat garenez, gasoleoa kotxeei saltzeko aukera ematen digu. Hau beste gako bat da, kotxeek gasoleoa prezio onean hartu dezakete eta hona etortzerakoan erosketa egin".

Izan ere, gasoleo-hornigailu txiki horrek denda bideragarriagoa egiten du, nahiz eta azkeneko bi urtetan salmentak pixka bat beheraka egin duen, azkenaldian diesel kotxe gutxiago saltzen direlako. Zerbitzu-libreko gasoleo-hornigailua da eta 24 orduz irekita dago. "Inor behar ez dugunez zerbitzu hau emateko, prezio hobeagoak eskaini ditzakegu", azaldu du kudeatzaileak.

Dendara edozein bezero etor daiteke, bazkideak direnak eta bazkide ez diren pertsonak ere bai. Bazkide izateko eskatzen dena da Usurbilgoa izatea edo Usurbilekin muga egiten duten herri batekoa izatea (Lasarte-Oria, Donostia, Orio). Bazkideek abantailak dituzte.

"Bazkideak 124 inguru dira. Egun batean, negua guretzako garai baxuena da baratza oraindik ez delako indarrean hasi, 120 lagun etor daitezke, baina maiatzean adibidez, 220 lagun etortzen dira egunero", adierazi du.

Atalluko denda Ingemar lantokiko bidegurutzean ezkerretara hartuta kokatzen da. Bere ordutegia astean zehar 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.30era da. Larunbatetan goizez bakarrik dago irekita.

Alkartasunan iritzirik ba al dute gaur egun nekazari eta abeltzainen protesten inguruan? "Oso egoera konplexua da -adierazi du kudatzaileak- bitartekariek ere lan bat egiten dute eta hori ordaindu beharra dago".

Kortadiren aburuz, lehenengo aldaketa kontsumitzaileen mahaietan eman beharko litzateke: "Ikerketek erakusten dutenez, geroz eta diru gutxiago gastatzen da janarian. Gailuei eta teknologiari ematen zaie garrantzia gehiago". Beste herrialde batzuetan, Frantzian adibidez, bertako produktuak kontsumitzeko kultura eta ohitura dago eta herritarren gastua elikaduran altua da. Hemen aldaketa hori oso pixkanaka ematen ari da.

Baina Usurbilen arrakasta duten ekoizleak aurkitzen dira. Bi bide ezagutzen dira gehienbat eta Kortadiren esanetan nekazariek horietako bide bat jarraitu izan dute: "Ekoizle batzuk zuzeneko salmenta egiten dute (kontsumo taldeei eta otarrak prestatzen) eta beste batzuk konfidantzazko norbaiti (taberna eta jatetxeei, batik bat) saltzen diete".

Gainera, herrian zenbait gazte hasi dira ekoizketa biologikoan eta ekologikoan lana egiten, produktu hauen eskaera handitu delako. "Eskaera eskaintza baino handiagoa da, eta horrek prezioak altuagoak izatea ahalbidetzen du", zehaztu du. Adibidez, Alkartasuna kooperatiban arrautza ekologikoak saltzen dituzte eta hauen dozenaren prezioa lau eurokoa da eta arruntena bi eurokoa. "Jendea fijatzen da prezioa bikoitza dela, baina ez arrautza biologikoak jateagatik bi euro gehiago bakarrik ordaindu behar dela", azpimarratu du. Alabaina, erreportaje hau egiteko garaian, astearte goiz batean, arrautza biologiko guztiak salduta zeuden.

Etorkizunera begira, Alkartsunak bere produktuen eskaintza handitu nahi du. Gainera, sagardoaren inguruko ikastaroak ere antolatzen dituzte urtean zehar Usurbilen.