Urnieta - Lekaio kultur etxeak hartuko du gaur arratsaldeko 19.30etan Urnietako Paisaia Plana garatu duen Araudi enpresak buruturiko lana eta proposatzen dituen hobekuntzak ezagutzera emateko aurkezpen publikoa.

Paisaia planaren helburu nagusietako bat Trankaxko erreka paisaia aldetik hobetzeko egin beharreko ekintzak gomendatzea da, Ergoien industrialdetik, herrian duen ibilbidea eta ia Hernanirekin mugan dagoen errotaraino. Ibaiari lotutako konektibitate ekologiko eta paisaiazkoa hobetzea lortu nahi da.

Urnietako Udaletik gogora ekarri dutenez, Paisaia Planaren garapenean protagonismo zuzena izan dute herritarrek, bi tailer eta parte-hartze prozesu bat gauzatu baitira haien laguntzarekin.

Izan ere, Udalak prozesuaren hasieran adierazi zuen bere asmoa udalerriko hiri eta industria-paisaia hobetzen lagunduko duen ekintza orokor honen aurrean urnietarrak konprometituta eta arduratsu sentitzea nahi zuela.

Lehenengo tailerra 2019ko uztailaren 11n burutu zen. Irailaren hasieratik 20ra bitarte berriz, herriko etxe guztietara bidalitako galdetegi bat betetzeko aukera izan zuten herritarrek, eta 44 ekarpen jaso ziren orotara. Bigarren tailerra ostera, urriaren 28an ospatu zen.

Orain, prozesuari amaiera emateko, gaurko aurkezpen informatibora joateko gonbita luzatzen die Udalak herritar guztiei, Araudik proposaturiko ekintzetatik zeintzuk lehenesten dituzten zehazteko aukera izango baitute ondoren, eta beraz, baliagarria izango zaie azalpenak eta proposamenak lehen eskutik jasotzea.

Hala ere, Udaletik adierazi dutenez, Paisaia Plana ez da araugintzako plan bat, baina zenbait gomendio ematen ditu aztertutako eremuak garatzeko eta hobetzeko ibilbide-orri gisa. - A.M.