Andoain - Andoaingo ikasleen autopertzeptzioa jasotzeko helburuarekin, hiru ikastetxeetako haurrek bere emozioak adierazteko proba pilotu batean parte hartuko dute. Aste honetan egin dute haurtzaroan tratu onak jorratzeko Emantik programa gauzatzeko tresna baliagarria izango den tablet lagapenaren sinadura ekitaldia Andoaingo Udalean.

Andoaingo haurren egoera emozional ona zaintzeko helburuarekin, 2019-2020 ikasturtean Andoaingo Udalak Emantik izeneko programa pilotua bultzatuko du. Gizarte Ongizate Sailak, herriko hiru ikastetxeekin batera (Aita Larramendi Ikastola, La SalleBerrozpe Ikastetxea eta Ondarreta Ikastetxea), iaz Donostian ere funtzionatu zuen proiektu berri honekin bat egingo du. Maider Lainez alkateak aditzera eman zuen moduan, “proiektu honen helburua da Andoain haurren tratu onarekin konprometitutako udalerri bihurtzea”.

Emantik aplikazio erraz batean oinarritzen da, eta tablet baten bidez modu sistematikoan erregistratzen du ikastetxe horietako lehen hezkun-tzako ikasleen egoera emozionala. Oinarrizko sei emozio agertzen dira eta ikasleek era erraz batean identifikatu ahal izango dituzte. Egunean bi momentu hartuko dira, ikasle bakoitzak klika dezan nola sentitzen den. Horrela jasoko diren datu guzti horiek gurutzatu egiten dira, eta ondorioak ateratzen dira.

Helburu nagusiak dira kudeaketa emozionala ikasten laguntzea eta edozein haurrengan gerta daitezkeen sufrimendu-kasuak goiz antzematea. Sistemak beldurra, tristura, amorrua, etab., sor diezaieketen egoerak identifikatuko ditu, irakasleek ahalik eta lasterren arreta eman diezaieten. Programaren garapenean zehar, haurren babesean adituak diren bi psikologok ikastetxeetako irakasle taldeei aholkuak emango dizkiete.

Esperientzia hau eraginkorra izan da, oso azkarra baita bakartze, estres egoera, bullying edo tratu desegoki oro adierazten ahultasun bereziko kolektibo horrekiko, hots, haurtzaroarekiko.

Esperientzia pilotu gisa, gela batzuetan bakarrik ezarriko da eta helburuak betetzen dituela ikusten bada etorkizunean orokortu egingo da. Programa hau martxan jartzeko ezinbestekoa zen gailu elektroniko baten laguntza izatea, zehazki tabletak, eta Andoaingo Udalak eta ikastetxe bakoitzak programa gauzatzeko beharrezko tablet-lagapena sinatu du aste honetan.