Irun | Legealdi erdia, lehen balorazioa

03.07.2021 | 00:47
Ezkerretik eskuinera, Nekane Zinkunegi, Oihana Briones eta Oskar Matute, Irungo San Juan plazan.

Irungo eh Bilduk azken hauteskundeetatik igaro diren bi urteen egiten duen balantzea plazaratu du aste honetan

bi urte igaro dira azken udal hauteskundeetatik eta Irungo EH Bilduk bere legegin-tzaldi erdiko balorazioa plazaratu izan nahi du aste honetan. Ostegunean San Juan plazan egindako ekitaldi xume batean, Oihana Briones udal zinegotziak, Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoak eta Oskar Matute Madrilgo Kongresuko diputatuak hitza hartu zuten Udalean eta beste erankunde publikoetan koalizio abertzaleak egin duen lana errepasatzeko.

Brionesek jakitera eman zuenez, taldeko hautetsiek oso "helburu argia" dute Irunen: "Irundarren bizimodua hobetzea". Horretarako, legealdi honetako lehenengo bi urteetan EH Bilduk tokiko Gobernuarekin aurrekontu akordioak sinatu dituela azpimarratu zuen zinegotziak, taldeak udal erabakietan parte hartzen duenean "herritarren bizi baldintzak hobetzen direla" agerian gelditu dela baloratuz.

Aurtengo aurrekontuetan lortutako konpromisoa ere aipatu zuen Brionesek: "Hari esker, pandemiak eragindako krisiak gogorren kolpatutako sektoreei laguntzeko 100.000 euroko partida aktibatu zen". Era berean, gizarte babeserako 270.000 euro inguru lortu dituztela nabarmendu zuen udal hautetsiak, diru kopuru hori, "EH Bilduren ekimenez", neurri zehatzetan garatu direla gehituz: "Zubia zentroa 24 orduz irekitzeko bermea, babesgabetasun egoerako herritarrentzako tailer okupazionalak, edota egoera zaurgarrian dauden haurrei bideratutako programak, esaterako".

Hala ere, Irungo aurrekontuak ez direla taldeak egingo zituzkeenak eta lanean jarraituko dutela herritarren beharrak asetzeko adierazi zuen Brionesek.

Ondoren, pandemiak herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jarri behar direla erakutsi duela aditzera eman zuen Zinkunegik. Koalizio abertzaleko Gipuzkoako arduradunaren ustez, EH Bilduk azken urteotan "tresna politiko erabakigarria" dela erakutsi du, Irunen lortutako akordioak aipatuz.

Amaitzeko, Matutek Estatu osoko eta baita Bidasoaldeako pentsiodunen aldarrikapenak gogora ekarri zituen: "Ez da aski KPIa igotzearekin, eskaerei bide eman behar zaie".

noticias de noticiasdegipuzkoa