Jose Antonio Loidi bekak dagoeneko badu garailea. usika eta historia duten harreman estua aintzakotzat ez hartzea ohikoa bada ere, antzinako kantek bere garaiei buruz helarazten diguten informazioa garrantzi handikoa dela agerian utzi du Irungo Udalaren Jose Antonio Loidi bekaren hamabostgarren edizioaren lan garaileak. Pasa den astean tokiko administrazioaren Euskara arlotik jakinarazi zutenez, datozen hamabi hilabeteetan Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlari irundarrek XIX. mendean hiriko bertsolarien eta bertsoen mundua ezagutaraztea helburu duen ikerketa bat burutuko dute.

Hala, Irungo bertso produkzioa eta haien protagonista nagusiak, hau da, bertsolariak eta bertso jartzaileak, zehazteaz gain, ikerlariek bertsoen nolakotasuna (neurria edo metrika, errimak, doinuak, gaiak, gaien tratamendua...) aztertuko dute, bertso sorta bakoitzaren testuingurua hobeto ezagutu ahal izateko.

Ikerlanaren gertaleku bezala Irun aipatu zuten arren, Errakinek eta Elosegik argitu zutenez “bertsoak ez daki geografiaz”, eta horregatik bertsolarien mundua mugatzea oso zaila dela nabarmendu zuten. Ondorioz, XIX. mendeko Irun hura “ adiera zabalagoan ulertu” behar dela zioten ikerlariek, “Hondarribia eta Bidasoaz beste aldeko herri mugakideak ere kontuan hartu behar baitira”.

Ikerketaren prozedurari dagokionez, historia jardunerako metodologiaz baliatuko dira egileak bertso sailak eta bertsolariak bilatzeko eta denboran kokatzeko, eta literaturaren azterketa eta kritikarako metodoez ondareko dokumentu bakoitzari eta bertsoen corpus orokorrari heltzeko. Garai hartatik iritsi zaizkigun bertso gehienak idatzietan aurkitu diren arren, ahozko edota zuzeneko komunikazioetatik bertsoren bat edo halako sorta jasotzeko itxaropenak ez dituz te galdu Elosegik eta Errazkinek, aukera hori “oso urrun” suma-tzen badute ere.

Orain arte, inork ez ditu Irungo XIX. mendeko bertsoak eta bertsolariak bilduma bakar batean batu, eta hauen “testigantza aparta” biltzea izango da ikerlarien lana.