Hiriguneko zuhaiztia osasuntsu mantentzeko helburuz, Hondarribiko Udalak, aurten ere hiriguneko zuhaitzak kimatzeko kanpaina abiarazi zuen pasa den urriaren 29an, abenduaren bukaerara arte luzatuko direnak. dazkena, egunak laburtu eta termometroak hozteaz gain, kimaketak egiteko urtarorik aproposena dela badakite Hondarribian.

Hiriko Obra eta Hirigintzako zinegotzi den Gonzalo Carrionek atzo ezagutarazi zuenez, Udalak kimaketa kanpainaren berri eman nahi die hiritarrei "ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko beharrezkoa den koordinazioa" garatu ahal izateko. Izan ere, Carrionek zioenez, urteroko prozesu hau hiriko zuhaitzen "segurtasuna eta higienea zaintzeko ezinbestekoa da".

Koordinazioa bermatzeko xedearekin, Udal Brigadako lorazainek egutegi bat prestatu dute egunero kimaketak non burutuko diren antolatzeko, nahiz eta ohikoa izan egutegi hori bete ezin izatea eguraldiaren eta beste gertakarien eraginarengatik.

Hala ere, brigadak egutegia ahal den neurrian jarraitzen saiatuko dela zihurtarazi zuen Carrionek, eta pasa den astean egindako lehengo lanen berri eman zuen: "Kanpaina San Pedro eta Santiago kaleetako bananondoen kimaketekin hasi zen, eta orain Zumardian eta Mariñelen Itsasbidearen espigoiaren inguruan burutzen ari dira lanak".

Ondoren kimaketak Biteri kalean, Soroetan eta Alde Zaharrean egingo dira, eta handik Donosti kalera, Arrantzale Auzora eta Gibeletara pasako dira. Egutegiak aurreikusten dituen azkeneko lanak, abenduko bukaeran, Ramon Iribarren pasealekuan eta Gabarrari kaleko hegoaldean burutuko dira.

Zuhaitzak dauden toki askotan trafikoa dabilen errepideak eta aparkalekuak daudenez, bizilagunek autoak mugitu dezaten Udalak lanak egin baino lehen ohartaraziko dituela adierazi zuen Carrionek.

Amaitzeko, zinegotziak hiriko zenbait puntutan, "San Pedro kalean eta Bretxan adibidez", zenbait zuhaitz ustelduta egoteagatik erretiratu beharko direla jakinarazi zuen ere.