- Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak jakinarazi zuten atzo prentsaurreko batean Ama Guadalupeko ikastetxeko sarreraren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak martxan daudela Hondarribiko Bitoriano Juaristi kalean.

Sagarzazuk gogorarazi zuenez, Udalak pandemiaren hasieraren aurretik kale hau egokitzeko asmoa bazuen, Hondarribiko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren baitan. Zehazki, lanek, Ama Guadalupekoa ikastetxearekin eta inguruko bizilagunekin adostuta, eremua oinezkoentzat izatea ahalbidetuko dute, orain arte kale horretan zeuden aparkalekuak kenduz. Beraz, obra bukatzerakoan bertan zirkulatu ahal izango duten ibilgailu bakarrak kale horretan dauden garaje pribatuen erabiltzaileenak izango dira.

Aldaketa hau gauzatzeko Udalak prestatu duen esku-hartzea pinturan eta hiri-altzarietan oinarritzen da. Lehenengo fase batean, Silanesek azaldu zuen bezala, hiru aste iraungo duen obra zibila burutuko da Bitoriano Juaristi kalearen eta San Kristobal biribilgunearen arteko eremuan. "Orain fase horren bigarren astean gaude eta ondoren, eguraldiak uzten duenean, errepidea margotuko dugu seinalizazio berriarekin, erronbo batzuekin, oinezkoek lehentasuna daukatela argi geratu dadin", adierazi zuen zinegotziak.

Obren aurrekontua 40.000 euro ingurukoa izanez, Sagarzazuk mugikortasun arloan aldaketa sakonak egiteko inbertsio handiak ez direla beti beharrezkoak nabarmendu zuen.