IRUN - Irungo Laboral Kutxa aretoan dago ikusgai Arg'hitz'kiak erakusketa atzotik. Hatsa Elkarteak antolatuta, urtarrilaren 19ra arte bisitatu daiteke.

Zein da Hatsa Elkartearen xedea?

-Hatsa Kultur Elkartea orain dela 30 urte sortu zuten Senperen Auxtin Zamorak eta beste senperetar batzuek. Elkartearen helburu nagusia urtero poesia bildumak argitaratzea da; argitalpenak 1999ean hasi ziren eta bere lanak bidali nahi dituen orori irekiak daude beti. Egia da poesia bilduma hauetan olerkari oso ezagunak badirela, baina baita ezezagunak eta hasiberriak ere. Bildumak apirilero argitaratzen dira.

Nahiz eta irundarra izan, nolatan zara Hatsa Elkarteko kide?

-Egia da Hatsa elkarte lapurtarra dela baina olerki bilduma hauetan ez dira bereizketarik egiten, Iparraldeko eta Hegoaldeko olerkariak bertan parte hartzeko aukera berberak dituzte. Nik poesia bildumetan 2001etik hartzen dut parte, ia hasieratik, eta liburuen edizioan laguntzen dut.

Atzo argazkilaritza eta olerkiak batzen dituen erakusketa bat zabaldu zuen Hatsak Irungo Laboral Kutxa Aretoan. Zertan datza zehazki?

-Arg'hitz'kiak izena du erakusketa poetiko honek; Auxtin Zamorak hala jarri zion hitz-jokoa sortzeko asmoarekin, argazkiak gehi hitzak. Hain zuzen ere hori da Laboral Kutxa aretoan ikus daitekeena: Hatsa Elkarteak argitaratzen dituen poema bilduma horietan parte hartzen dugun olerkarion poesien testu zatiak aukeratu zituen Auxtin Zamorak eta, gero, bakoitzari ongi egokitzen zitzaion argazki bat autatu zuen. Hori da ikusgai dagoena.

Zenbat argazki eta olerki bildu ditu Zamorak erakusketan?

-Guztira, 120 poemak eta irudik osatzen dute erakusketa.

Erakusketa hau Irunen egitea kasualitatea izan da edo apropos planfikatutako zerbait izan da?

-Zamorak horrelako erakusketak Iparraldeko hainbat lekutan egin ditu. Berak nolabait Hatsaren poesia gehiago zabaldu nahi zuen, Lapurditik kanpo. Ni, Irungoa izanez eta erakusketa hirira ekartzeko aukera ikusita, bertan Arg'hitz'kiak ikusgai jartzeko leku aproposak bilatzen hasi nintzen eta areto hau bururatu zitzaidan. Gelaren erabilerarengatik galdetu nuen Udalean eta dena oso erraza jarri ziguten. Aretoan sartzea eta erakusketaz gozatzea doan da, noski.

Zure ikuspuntutik, nolakoa da gaur egungo euskal poesiaren egoera?

-Nik oso ongi ikusten dut. Egia da euskal poetak eta poesia ez direla hain ezagunak publiko orokorrarentzat, baina asko idazten da eta, gutxienez, poeten artean asko irakurtzen da. Gainera beste genero literarioei egiten zaien jarraipena, adibidez eleberriei, poesiari ez zaio egiten, ez zaio hainbeste garrantzia ematen. Horregatik Hatsaren poesia tailerraren filosofia beti denei zabalduta egotea da, haurrei bereziki. Daukagun ondare kulturalari jarraipena eman nahi badiogu, eskoletan lan egitea funtsezkoa da.

Hatsaren 2020ko olerki bilduman parte hartzeko zer egin behar da?

-Nahikoa da lanak hatsarenpoesia@gmail.com helbide elektronikora bidaltzearekin. Olerkiekin batera, autorearen biografia txiki bat eta argazki bat ere beharko ditugu. Testuak izan litzakeen akatsak zuzenduko ditugu, baina erabilitako euskalkia mantenduko dugu.