Síguenos en redes sociales:

Batera Elgoibarren, herri euskaldunago baten aldeko hamar urteko ekimena, martxan

Proiektu honekin bat egin duten herritarrek eta elkarteek Herriko Antzokian egin den aurkezpen publikoan parte hartu dute gaur arratsaldean

Batera Elgoibarren, herri euskaldunago baten aldeko hamar urteko ekimena, martxanAitor

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Elgoibarko Herriko Antzokia izan da Batera Elgoibarren ekimenaren aurkezpenerako eszenatokia.

Herritarren parte-hartzea sustatu nahi duen proiektu hau Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak bultzatu dute, Taupa Euskaltzaleon Mugimenduaren gidaritzapean, eta helburutzat dute hamar urteko epean herri euskaldunagoa lortzea.

Epe ertain eta luzea

Bultzatutako egitasmoak, beraz, epe ertain eta luzerako estrategia bateratu bat proposatzen du, hizkuntza-ohiturei, identitateari eta kohesio sozialari lotutako esku-hartzeak uztartuz.

Urtarriletik ekainera bitartean, 105 herritarrek hartu dute parte proiektuaren diseinuan, eman beharreko pausoak eta helburuak zehaztuz amets hori egituratzeko.

Bide horretan, errealitate bihurtzeko funtsezko izango diren zortzi baldintza ezarri dira, eta norabide berean lan egiten duten herritar eta eragileen babesa bildu da, prozesua komunitate osoaren arteko itun gisa sendotuz.

Biraka dantza taldeko dantzariek agertokian azaldu dute kulturartekotasunaren garrantzia, euskaraz hitz egitera animatzeko euskaraz ez dakitenei eta herrira etorri berriei.

Aurkezpen publikoa

Prozesuak izaera berezia hartudu arratsaldeko aurkezpen jendetsuan. Hitza, musika, dantza eta antzerkia uztartu ziren Herriko Antzokian, eta oholtza gainean, banan-banan, ekimena gidatuko duten zortzi baldintzak aurkeztu dira, modu bisual eta emozionalean.

Agertokian izan dira, besteak beste, Biraka dantza taldeko dantzariak, Mari Juli Conde, Aitor Nova eta Nerea Gil, Aitor Gisasola, eta Kitziki musika taldeko Olatz Macazaga eta Maddi Arrieta.

Era berean, Siadeco enpresak egindako azterketa soziolinguistikoaren laburpena eskaini da bideo batean, herriko hizkuntza-egoeraren argazki zehatza erakutsiz eta erronkei buruzko gogoeta partekatzea ahalbidetuz.

Baldintza nagusiak

Batera Elgoibarren egitasmoak zortzi baldintza nagusi ezarri ditu datozen urteetarako bidea markatzeko.

Kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna oinarri hartuta, hemengo zein kanpotik iritsitako herritarren arteko elkar ezagutza eta elkarrekintza indartuko dira, euskaldunon hizkuntza eta historia transmititzearekin batera.

Euskararen ikasketa eta erabilera errazteko baliabideak eta informazioa zabalduko dira, euskara maila guztietatik hurbiltzeko aukerak eskainiz.

Halaber, euskarari emozio eta bizipen positiboak lotzea izango da lehentasun, kirolean, aisialdian eta kulturan erreferente erakargarriak sortuz eta hizkuntza esperientzia pozgarriak sustatuz.

Batera Elgoibarren egitasmoak defendatzen duen baloreetako bat da euskararen transmisioa belaunaldien artean.

Segregazioa eta etorri berriak

Hezkuntza arloan, segregazioari aurre egiteko neurriak sendotuko dira eta ikastetxeetan euskararen trataera egokia bermatuko da, Hezkuntza Mahaia indartuta eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatuta.

Bestalde, euskal identitate ireki eta integratzailea bultzatuko da, aurreiritziak baztertu eta espazio publikoetan euskararen presentzia bermatuz.

Etorri berrientzat hizkuntza-harrera protokoloak ezarriko dira, eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko arau sozialak hedatuko dira, euskaraz aritzeko gune seguruak sortuz eta euskara ez-perfektua ere baliozkotuz.

Azkenik, euskararen gaineko herri-ituna onartuko da herritarren hizkuntza-kontzientzia areagotzeko, ardura partekatua gizarteratzeko eta komunitate osoaren aktibazioa eta ahalduntzeko.