Urretxun bizikidetzaren aldeko jardunaldiak egingo dituzte
Ostegunean, 19.00etan, bi hitzaldi egingo dira Pagoeta gune soziokulturalean
Urretxuko Bizikidetza Taldeak memoria partekatuaren eta bizikidetzaren aldeko jardunaldiak antolatu ditu datozen lau ostegunetarako. Memoria partekatu batetik. Bizikidetza saretzen jardunaldietako lehen ekitaldia ostegun honetan izango da, 19.00etan, Pagoeta gune soziokulturalean. Bi hitzaldi egingo dira: Zergatik deitzen diogu motibazio politikoak eragindako indarkeria? eta Emakumeak bakearen eta memoriaren eraikuntzan.
Lehenengo hitzaldian Laura Pego eta Roberto Moreno adituek parte hartuko dute. Pego abokatua eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria da. Torturaren inguruko ikerketan ibilbide luzea du eta Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013) aurrera eramateko eratutako lantaldeko partaide da. Morenori dagokionez, Arartekoaren justizia saileko koordinatzailea da.
Ostegun honetako bigarren hitzaldian, berriz, hiru emakumek beraien testigantzak emango dituzte. Bi solasaldiak Baketik fundazioko Aintzane Gamizek gidatuko ditu.
Hurrengo bi saioen izenburua Zinemaren begiradak da. Izenburuak dion bezala, zinemak indarkeriaren gaia nola landu duen aztertuko dute. Azaroaren 27an, 19.00etan Urretxuko Labeaga aretoan, Jon Sistiagaren ETA, el final del silencio dokumentala emango dute.
Abenduaren 4an, ordu eta toki berean, Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala emango dute. Bigarren emanaldi honetan zuzendariak parte hartuko du eta Labeaga aretora gerturatzen direnek berarekin hitz egiteko aukera izango dute.
Urretxuko Bizikidetza Taldeak memoria partekatuaren eta bizikidetzaren alde antolatutako azken ekitaldia, Literaturaren ahotsak, abenduaren 11n izango da: 19.00etan, Pagoeta gune soziokulturalean. Iban Zaldua (Nola izan garen gauza liburuaren egilea) eta Laura Mintegi (Legez kanpo nobelaren egilea) idazleek parte hartu dute. Mikel Babianok solasaldia gidatuko du. Amaia Aranburu kazetari urretxuarrak, berriz, irakurketa dramatizatua egingo du eta Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek ere ekitaldian parte hartuko dute.
Urretxuko Bizikidetza Taldea Euskal Herrian azken mende erdian izan diren afera sozio-politikoen ondorioak bideratze aldera sortu zen. Hiru urte lanean eman ondoren, martxoko azken larunbatean bere burua aurkeztu zuen Pagoeta gune soziokulturalean.
Azken hiru urteetan aktiboki eta maiztasun konstantez landu dute bizikidetzaren eta elkarrizketaren eremua. Iragan hurbilean izandako motibazio politikoko indarkeriaren inguruan hitz egin dute, batetik. Etorkizun hurbilera begira, berriz, elkar ulertzea eta errespetua landu dituzte.
Jatorri, lanbide, bizipen eta ideologia askotako 35 bat lagunek parte hartu dute azken urteetako lanketan. Martxo amaierako aurkezpen ekitaldian horiek eta ekitaldira gonbidatu zituzten herritar gehiagok parte hartu zuten.