Duela bi urte pasa ekin zion Izaro Elorza Arregi Oñatiko EH Bilduko alkateak bigarren legealdiari. Ordutik, norabide berdineko politikekin jardun du Udalak, berdinetik berdinerako ereduan, herritarren partaidetza erdigunean, herriaren garapen orekatua xede, iraunkortasuna ardatz… Orain, legealdia hasi zenetik bi urte baino gehiago igaro direnean, hainbat gai izan ditu jorragai alkateak.

Bi urte baino gehiago igaro dira legealdi berria hasi zenutenetik. Zein da egiten duzuen balorazioa?

Oro har, balorazio positiboa egiten dugu. Legealdi plan batekin sartu ginen 2023ko udal hauteskundeetan, eta esango nuke legealdi honetan ere berresten ari garela esaten duena egiten duen alderdia dela gurea, bukatuta edo martxan baititugu jasotako ekintzen %80 baino gehiago. Gainera, oso aurreratuak ditugu martxan dauden proiektu ugari. Gobernu talde sendoa dugu, herriak eskainitako konfiantza serioski hartzen duena, eta gauzak arduraz egiten dituena, inplikazio osoz. Nabari da.

Proiektu garrantzitsu ugari dituzue, tartean, Oñatiko energia merkaturatzailea sortzearena. Zertan da prozesua?

Hala da. Oñatiko merkaturatzailea sortzearena ez da edozelako proiektua. Prozesu luzea da, ondo landu beharrekoa, arduraz, eta berme guztiekin. Bide horretan, ahalegin handia egin behar izan dugu azken urteotan. Ez gara konformatu energia sorkuntzarako eta banaketarako azpiegitura propioak izatearekin, argindarraren zikloa itxi gura izan dugu, eta, horretarako, merkaturatzailea sortu beharra genuen. Hori funtsezkoa zen oñatiarrok bertako argindarra, berriztagarria, bidezko eredu eta prezioetan eskuratu ahal izateko. Hori zen gure konpromisoa, eta betetzen ari gara. Horri esker, Oñatiren erreferentzialtasuna asko indartuko da energia berriztagarrien alorrean. 

Irisgarritasun lanekin ere ari zarete.

Bai. Legealdi honetan genuen beste konpromiso bat zen. Irisgarritasuna diogunean, herritar guztiondako herri bat eraikitzeaz ari gara, eta askotariko esku hartzeak egin ditugu bide horretan. Aurten, gainera, partida indartu dugu. Horri esker, irisgarritasun lan garrantzitsuak ditugu martxan: plaza ondoko gunearena, San Lorentzoko fase berri batena -bukaera emango die San Lorentzon aurreikusiak zeuden lan garrantzitsuenei-, Mendiko kalearena… Legealdi honetan ere aurrera pauso esanguratsuak egin dira irisgarritasunean.

Elikadura burujabetza ere erdigunean duzue legealdi honetan.

Etorkizunari begira, estrategikoa da elikadura burujabetza. Elikadura sistemen eta tokiko elikaduraren inguruko azterketa egin genuen aurreko legealdian, eta ekintza plan bat definitu genuen. Orain, ekintza plan horrekin ari gara. Hor jasotako ekintza gehienak jarri ditugu martxan: Elikadura Mahaia sortzeko prozesua egin genuen -horrekin, sentsibilizazio ekintza desberdinak egin dira, eta hitzarmena sinatu berri dugu San Martin Fundazioaren eta Tokixanen artean. Azken horri esker, test guneak eta belaunaldi aldaketa bermatzeko bitartekoak eskainiko dira -elikadurari lotutako ekintza planak barnebilduriko bi ekintza dira-. Horrekin guztiarekin, Oñatik erreferentzialtasuna indartu du elikadura burujabetzaren alorrean. 

Partaidetzazko aurrekontuen deialdi berria duzue martxan. Garrantzitsua da herritarren partaidetzarako bitartekoak eskaintzea, ezta?

Dudarik gabe. Gainera, 100.000 euro gehiago bideratuko ditugu partaidetzazko aurrekontuetara. Orotara, 600.000 euroko partida izango da, beraz. Herritarrek erabakiko dute zertara bideratuko dugun diru kopuru hori. Dena den, esan beharrekoa da guretzat hori baino gehiago dela partaidetza. Gobernatzeko modu bat da, egunerokotasunean landu beharrekoa, eta horretan ari gara. Partaidetza, herriko espazioak herrikideekin batera eraikitzea da, proiektuak herrikideekin batera egikaritzea… Horixe da gure konpromisoa, eta esango nuke egunez egun berresten dugula.

Bakardadearen gaiari ere heldu diozue.

Bakardadea oso zabaldua dago, uste baino gehiago. Diagnostiko bat egin dugu gure herriko errealitatea ezagutzeko, eta datu deigarriak jaso ditugu. Aurkezteke ditugu datuak, baina, oro har, esan dezakegu ez dela herritar profil zehatz edo adin tarte bati lotutako zerbait. Oso hedatua dago, eta heldu beharreko gaia da. Orain, bakardade egoerei aurre egiten saia-tzeko ekintza plan bat ari gara lantzen, eta laster emango diogu hasiera, besteak beste, hi-tzaldi eta esperientzia saioekin. 

Zertan da unibertsitate zaharraren proiektua?

Sekulako aurrera urratsa egin genuen legealdi honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez, 3 milioi euroko laguntza lortu zen Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik, Udalean turismo bulegoa bertara lekualdatzeko genuen proiektuari esker -horrekin batera, ikasketa gelak sortu gura genituen bertan-. Finean, unibertsitatea herrira zabaltzeko lanean ari gara Udal Gobernutik. Dena den, uda garaian izandako ekaitz batek kalteak eragin zituen, eta Gipuzkoako Aldunditik jakinarazi digute horiek konpontzea dutela lehentasun, beraz, zoritxarrez, badirudi atzeratu egingo direla unibertsitatea herriratzeko proiektuak. Esan moduan, Diputazioaren eskumenekoa da unibertsitatea. 

Zein harreman duzue oposizioarekin?

Nahiago genuke harreman hobea izan, baina oso zaila egiten zaigu. Izan ere, alde handia dago oposizioaren hitzen eta ekintzen artean. Elkarlanaz mintzo da, baina, gero, oso zaila da harekin elkarlanean jardutea. Bi urte hauetan, urruntzera eroan gaituzten ekintza ugari izan dira oposizioaren partetik. Tartean, informazioa, elkarlanerako baino, komunikaziorako erabili izan du sarri, eta uste dugu hori ez dela eraikitzailea. Gauza asko ez ditugu ulertu. Esan daiteke aurreko legealdian errazagoa zela oposizioarekin hitz egitea.

Legealdia bukatu bitartean, askotariko proiektuak izango dituzue esku artean…

Duda barik. Hasteko, esku artean ditugun proiektuak bukatzen joatea da gure asmoa. Proiektu garrantzitsuak dira, epe luzekoak, asko. Baina bide onean doaz. Horrez gain, baditugu epe motzean hasiko ditugun proiektuak, hala nola, ikasketa gelak, mugikortasunari lotutako plangintza integrala eta zenbait ekintza, nerabe eta gazteen osasun mentala, zenbait jolasgune sortzea edo birgaitzea, gaztetxoen artean euskara sustatzea, herriko hezkuntza proiektua, etxebizitza planari lotutako ekintzak, zaintzaren alorreko lanketa…