Orereta/Errenteriako EH Bilduk datozen egunetan udal taldean emango diren aldaketen berri eman du. Izan ere, Alazne Kortak eta Aitor Zorzanok euren zinegotzi ardura utziko dute, Naroa Zabalak eta Idoia Pikabeak hartuko dutelarik euren lekukoa.
"EH Bildutik gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu bai orain arte udal taldean lanean aritu diren bi kideei eta baita taldera batuko diren beste biei ere. Guztiek erakutsitako konpromiso eta kemenagatik", aditzera eman dute udal taldetik.
Indar berriak
"Badakigu, Alaznek eta Aitorrek udalgintzaren esparrua utziko badute ere, gure herriaren aldeko jardunean konprometituta jarraituko dutela. Gure herriaren askatasunaren aldeko konpromisoak mugitzen gaituelako", gaineratu dute.
Azpimarratu dutenez, errelebo hauen bidez, "taldeak indarberrituta egingo dio aurre agintaldiaren bigarren erdiari", "Orereta/Errenteria eraldatzen ari garen bide eder honetan, are gehiago, aurrera egiteko".