Festak amaitu berritan, desmuntatze eta txukunketa lanak tokatzen dira orain Azpeitian, herria normaltasunera itzultzeko.
Udalak balorazio oso positiboa egin du aurtengo saninazioei buruz: egitarauko ekitaldietan parte hartze handia izan da eta kaleetan giro bikaina nagusitu da.
Momentu hunkigarria: txupinazoa
Mikel Odriozola Festa Batzordeburuaren hitzetan, txupinazoaren unea izan da jaietako unerik zirraragarrienetako bat:
“Balkoira atera zenean, txaloz hartu zuten herritarrek Kepa Susperregi, eta oso momentu polita izan zen. Gainera, bertsotan ere ausartu zen, eta horrek hasiera berezi-berezia eman zien saninazioei”.
Kontzertuen arrakasta eta musika giroa
Egitarauko ekitaldi guztiek jende ugari erakarri dute, baina Odriozolak nabarmendu duenez, kontzertuetan izan da arrakasta handiena. “Iaz bezala, aurten ere hiru egunetan itxura zoragarria izan du plazak. Adin guztietako jende mordoa elkartu da”.
Bestalde, kalean musika giroa jarri duten taldeek eta eragileek egindako lana ere eskertu du: txistulariak, bandak, txarangak, erromeria taldeak.“Musika ezinbesteko osagaia da edozein festatan, eta saninazioetan protagonista handia izaten du goizetik gauera arte”.
Berrikuntzak
Ekitaldi batzuk urterokoak dira, baina Udalak ahalegin berezia egiten du berrikuntzak sartzeko:
“Aurten, beste berrikuntza batzuen artean, zesta punta partidak izan dira, eta ikusmina handia sortu dute. Jendea gustura atera zen Izarraitz pilotalekutik”.
"Eskerrik asko guztiei"
Uztailaren 18tik abuztuaren 2ra bitartean, herria ekitaldiz bete da. Odriozolak azpimarratu duenez.
“Askotan esaten dugu, baina jaien aurkezpeneko argazkian argi geratu zen: elkarlanean antolatzen dira saninazioak, eta benetan eskertzekoa da hainbeste eragileren ahalegina”.
Lan esfortzua
Era berean, festa egunetan lan egiten duten guztien esfortzua eskertu nahi izan du: kale eta eraikin garbitzaileak, udal brigada, udaltzainak eta udal langile guztiak:
“Zikinkeria sortzen da, eta goizean goizetik lan handia egiten dute herria berriz txukun uzteko”.
Jai parekideen aldeko konpromisoa
Iaz hasitako kanpainari jarraituz, Udalak aurten ere sustatu du Danok ala iñorrez, danona da festie danona da ardurie sentsibilizazio kanpaina.
Kartelak jarri dira, spot bat egin da, eta tabernariei gutunak bidali zaizkie protokoloen berri emanez.
Lana egiteko oraindik
“Indarkeria matxistarik gabeko gunea aurten Plaza Txikin egon da, egutegi eta ordutegi berriarekin, eta harrera bikaina izan du. Jende askok hartu du informazioa eta materiala”.
Hala ere, Arrietak lanean jarraitzearen garrantzia nabarmendu du. “Espazio publikoa eta jai guneak oraindik ere ez dira guztientzat seguruak. Ukituak, begiradak, jarraipenak eta indarkeria zantzurik txikiena ere desagerrarazi arte, lanean jarraituko dugu”.