Eguerdiko 12.00etan, Kepa Susperregi erretore ohiak bota du txupinazoa Azpeitiko udaletxeko balkoitik, hasiera emanez ofizialki aurtengo Saninazio jaiei. Aurretik, plazan zeuden azpeitiarrak festez gozatzera animatu ditu bertso batzuekin.
Zizur Nagusia eta Palestina
Hitza hartu eta txupinazoa bota aurretik, Nagore Alkorta alkateak hitz batzuk esan ditu jaiez gozatu ezin dutenentzat.
Gogoan izan ditu ere Zizur Nagusian senarrak hil duen emakumea eta Palestinako emakumeak, azpeitiar guztiei Saninazioak gozatzeko nahia adierazi aurretik.
Susperregiren poza
Susperregik ezin zuen ezkutatu zein pozik zegoen txupinazoa botatzeko ohorea izateagatik.
Azaldu duenez, poz handia hartu zuen udaletxeko balkoian egoteko hautagaien artean zegoela jakinarazi ziotenean, ez zuelako espero.
«Udaletik deia jaso nuenean, pentsatu nuen beste baten telefono zenbakia behar zutela. Izugarrizko ilusioa egin zidan jakiteak txupinazoa botatzeko hautagaien artean nengoela. Albistea zabaldu zenean, deia eta Whatsapp mezuak etorri ziren, eta ikusi nuen mugimendua bazegoela nire hautagaitzaren inguruan. Aukeratua izan nintzela esan zidatenean, poza are handiagoa izan zen. Azpeitian urte asko eman ditut eta esan dezaket azpeitiar bat gehiago sentitzen naizela».
Jai giroa nagusi
Txupinazoa eta gero, jaiaz gozatzeko ordua iritsi da, programatutako ekitaldiak aprobetxatuz: goizean hamaiketako herrikoia egin dute Plaza Nagusian, eta txupinazoaren ostean, kaleak musikaz bete dituzte Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Arrasateko gaiteroek eta erraldoiek, baita Skapaie elektrotxarangak ere.
Goizeko ekitaldiek arratsaldean eta gauean jarraipena izango dute beste hainbeste ekitaldirekin
San Inazio eguna
Azpeitiak San Inazio eguna ospatuko du uztailaren 31n, egitarau zabalez lagunduta.
Goizean, 09.30ean, Goiz Eresia izango da Herriko Musika Banda, Arrasateko Gaiteroak eta Izarraitz Txistulari Taldearekin.
10.10ean udal ordezkariak parrokiara joango dira, eta 10.30ean prozesioa egingo da herriko kaleetan. 11.00etan Eukaristia ospatuko da parrokian, Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzaina buru dela.
Musika Banda
Eguerdian, Gauerdi txaranga kalez kale ariko da 12.30etik aurrera, eta, ordu berean, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa egingo da zezen plazan eta bigantxak izango dira Done Jakue kalean.
13.00etan Azpeitiko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Sanagustinen, Beñat Etxabe Merino zuzendariaren gidaritzapean.
Zezenketa Morante de la Pueblarekin
Arratsaldean, bigantxak eta Azken Fakirra ikuskizuna izango dira, eta 18.30ean Saninazioetako lehen zezenketa, Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega toreatzaileekin.
19.00etan, Oria txarangak eta Burrumba taldeak eta bere flamenko poteuak alaituko dute giroa, eta iluntzean Etxera Jantokia eta parrillada izango dira Azoka plazan eta Plaza Nagusian.
Gaueko egitaraua
21.30ean eskuzko pilota profesionaleko partidak jokatuko dira Izarraitz frontoian. 22.00etan Aurrez Aurre taldea arituko da txosnagunean, eta 23.00etan bigarren su artifizialen festa izango da Izarraitz parkean.
Gauari amaiera emateko, Zea Maysen kontzertua Plaza Nagusian, 23.30ean eta kontzertuak txosnagunean.