Egun hauetan hodeiak oso presente diren arren, Azpeitiko giroa oso beroa da: bihar, asteazkena, hasiko dira San Inazio jaiak eta herria festa-giroan murgiltzeko prest dago. 

Txupinazoa

Lehenengo zita Plaza Nagusian izango da 11.00etan, hain arrakastatsua izaten den hamaiketakoan.

12.00etan iritsiko da momenturik bereziena: txupinazoaren jaurtiketa. Aurten, Kepa Susperregi izango da ardura hori bere gain hartuko duena.

Erretore ohia

Susperregi iazko urrira arte Azpeitiko parrokiako erretorea izan zen; 39 urtez aritu da herrian apaiz lanetan, eta azken 31 urteak, gainera, parrokiako erretore moduan.

Zarautzera joan arren, azpeitiarrek estimu handitan dute oraindik Susperregi, eta horren erakusgarri da Azpeitiko Udalak antolatutako herri-galdeketan txupinazoa botatzeko aukeratu izana. 

Kalejirak

Txupinazoaren ostean, Azpeitiko Musika Banda, Izarraitz Txistulari Taldea, Arrasateko gaiteroak eta erraldoiak kalez kale arituko dira giroa pizten.

Skapaie elektrotxaranga bertan izango da ere, bere doinuekin eguerdia alaituz.

Bigantxak eta musika

15.00etan, herri bazkaria izango da Plaza Nagusian, eta jarraian, txosnagunearen irekiera eta jolasak. Bigantxak eta kontzertuak Done Jakue kalean eta DJ Jonen emanaldia gaztetxoentzat Olazko Amaren plazan osatuko dute arratsaldea.

Loiolako basilikan, berriz, meza eta bederatziurrena ospatuko dira 19.00etan, koru eta abesbatzen parte-hartzearekin.

Puro Relajo

3indarrok elektrotxarangaren txanda izango da 20.00etan, eta Debrass Band Taldeak kontzertua eskainiko du txosnagunean 21.30ean, eta Dj Elepunto Olazko Amaren plazan,22.00etan.

Puro Relajok emango dio jarraipena jaiari Plaza Nagusian 22.30ean, 23.00etan, Zaragozako pirotekniaren eskutik lehen su festa ikusteko aukera izango da, eta gauari amaiera emateko, Balantza taldearen erromeria izango da txosnagunean.