Hondarribiko Udalak, UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide izanik, udan martxan jarri du berriro 'Bertatik Bertara' euskararen aldeko kanpaina. Ekimen honen helburua da euskara ikusaraztea eta balioan jartzea, batez ere zerbitzu sektorean: herritarrei, bisitariei eta langileei hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa eragiteko asmoz.
Aurtengo kanpainaren lelo nagusia 'Ongi Etorri Euskararen Herrira!' da, eta hainbat euskarri banatuko dira herriko taberna, jatetxe eta kafetegietan: oinarrizko hiztegiak, QR kode bidez itzulpenekin lotutako kartelak, eta mahaigainekoak, besteak beste. Hiztegi digitala bost hizkuntzatara dago itzulita: gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galiziera.
Udaletik adierazi dute kanpaina sendotzen ari dela. Izan ere, iaz 12 establezimendu batu ziren, eta aurten 32 dira parte hartuko dutenak, Alde Zaharrean, Portuan eta Kirol Kaian kokatutako taberna, jatetxe eta kafetegiak.
Hobetzeko helburua
Garoa Lekuona Euskera zinegotziak eskerrak eman dizkie kanpainara batu diren establezimenduei: “Oso pozgarria da aurten erantzun hobea jaso izana. Hala ere, badakigu oraindik badugula zer hobetu: elkarrizketen %16 baino ez dira euskaraz Hondarribian. Horregatik, udazken honetan lanketa berezia egingo dugu auzoetako taberna eta jatetxeekin, doako eta pertsonalizatutako zerbitzuak eskainiz”.
Parte hartzen duten establezimenduak honako hauek dira: Kirol Kaian, Basque Taberna, Kalima Jatetxea, El Curry Verde eta Casa Santamaria; Alde Zaharrean, Tatapas, Batzokia, Larra, Gure Ametsa, Alameda, Aindire, Palacete, Danontzat, Ttopara, Badia eta Medievo, eta Portuan Ardoka Sagardotegia, Zabala, Ondarribi, Txantxangorri, Branka, Gaxen, Enbata, Hondar, Loretxu, Miramar XXL, Amona Margarita, Route 33, Ignacio, Lekuona, Maite, Itxaropena eta Itxaspe
Kanpainak irailean izango du amaiera, baina udazkenean ere jarraipena izango du, euskararen presentzia herriko ostalaritzan sustatzen jarraitzeko.