Síguenos en redes sociales:

Eibarko Euskal Jaiak 60 urte bete ditu

Euskara, kultura eta tradizioa izango dira asteburuaren protagonista ostiraletik aurrera antolatu diren ekitaldietan

Eibarko Euskal Jaiak 60 urte bete dituAitor

Eibarko lehenengo Euskal Jaia 1965ean antolatu zen, frankismoaren urte gogorrenetan.

Garai hartan, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako edozein ekimen antolatzea erronka handia zen, eta ausardiaz eta sormen handiz jardun zuten Arrate Kultur Elkarteko kideek, jai haietako antolatzaileek, bidea irekitzeko. 

Parte-hartzearen garrantzia

Orduko lanari eta konpromisoari esker, Eibarko Euskal Jaia sustrai sendoak dituen ospakizuna bihurtu da, eta urteak igaro ahala, belaunaldi berrien parte-hartzeari esker bizirik mantendu da.

Aurten ere, 60 urte beranduago, euskal kultura eta herri giroa uztartzen dituen egitarau oparoa prestatu dute Eibarko Klub Deportiboko kideek, gaur egungo antolatzaileek. 

Agenda oparoa

Ekitaldi batzuk dagoeneko burutu dira, besteak, berriz, gaurtik aurrera ospatuko dira. Gaur, maiatzak 22, 18.30etan, Ombuaren itzala pelikula ikusteko aukera izango da Arrate Kultur Elkartean. Bertan izango da Patxi Bisquert zuzendaria. Bihar, ostirala, 17.00etan, haur eta gazteek jolaserako aukera izango dute Kalian jolasian ekimenaren bidez, Bizikleta plazan.

19.00etan, Tantanez tantan ekimen koloretsuak hartuko ditu Eibarko kaleak: Urkizuko iturritik Untzagaraino egingo den kalejira batekin, txarangek eta fanfarreek lagunduta.

20.30ean, berriz, Mugi Pandero, Mirari eta La Txama taldeen kontzertuen txanda izango da.

Larunbateko egitaraua

Larunbatean, goizeko lehen ordutik izango da zer ikusi eta zer bizi Eibarren. Artisau eta baserritarren azoka egingo da Untzagan, eta Klub Deportiboak bere arroparen salmenta eta tonbola ere jarriko ditu martxan.

11.00etan, pala txapelketaren finala jokatuko da, eta 12.00etan, herri kirol erakustaldiak, bertsolariak eta taloak izango dira protagonista.

Aldi berean, kale animazioa eta txistu-poteoa izango dira herriko kaleetan zehar, eta 13.00etan, Eibarko trikitilari gazteen saioa hasiko da.

Txistuaren soinuak alaituko ditu Eibarko kaleak larunbateko txistu-poteoan

Dantza erakustaldia

Arratsaldean, dantzariak izango dira protagonista: 18.30ean, IruñekoDuguna eta Eibarko Kezka dantza taldeek dantzaldia eskainiko dute Toribio Etxeberria kalean.

Ondoren, 19.30ean, kale animazioa jarraituko du Bentazarreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik, Klub Deportibotik abiatuta.

Gauean, 21.30ean, kantu afaria egingo da, eta afalostean, Miren G-ren dan-tzaldiarekin borobilduko da eguna.

Jaien amaiera

Igandean, maiatzaren 25ean, Euskal Jai egitarauaren agurra helduko da. Goizean zehar, argazki rally-a egingo da Argazkilaritza Maiatzean programaren barruan.

Eguerdian, 12.00etan, kalejira ikusgarria abiatuko da Urkizutik Untzagara: joaldunak, gaiteroak, Eibarko Musika Eskolako eta Jainagaren eskolako trikitilariak, Kezka eta Arkaitz Añorgako dantza taldeak ibiliko dira kalez kale.

Ondoren, 12.30ean, dantza jaialdia izango da Untzaga plazan, eta 13.30ean, Euskaraldiaren amaiera ekitaldia ospatuko da.

Larrain-dantzarekin emango zaio bukaera Eibarko aurteko Euskal jaiari igande arratsaldean.

Herri bazkaria eta Larrain-dantza

Eguerdiko ospakizunei amaiera emateko, 14.30ean, herri bazkaria egingo da Untzagan, eta bazkalostean, erromeriak giroa mantenduko du arratsalde osoan. Azkenik, iluntzean, 19.30ean, Larrain-dantza izango da Untzagan, eta 20.00etan, Klub Deportibo parean emango zaio amaiera ofiziala jaiari. Eguraldi txarra eginez gero, dantza jaialdia, erromeria eta Larrain-dantza Errebalera lekualdatuko dira.