Azkoitiko kale eta auzoak trikiti doinuz beteko dira datorren larunbatean, maiatzaren 24an, IV. Trikiti Eguna ospatuko baita herrian.

Ehun lagun inguruk eman dute izena bazkarirako, eta gehienek parte hartuko dute goizean zehar egingo diren kalejiretan.

Hasiera San Martinen

San Martinen jarri dute hasierako hitzordua, eta handik abiatuko dira trikitilariak 11.30ean. Ondoren, taldeka banatuta, auzoz auzo doinu alaiak zabalduko dituzte.

13.30ean, Julio Urkixo kalean elkartuko dira berriz parte hartzaile guztiak, eta handik Herriko Plazara abiatuko dira kalejiran, hainbat geldialdi eginez.

Bazkaria

Plazan bertan izango da bazkaria 15.00etan, eta bazkalostean, oholtza izango da protagonista.

Trikitilariak oholtzara igoko dira dantzazaleentzat abagune paregabea eskaintzeko.

Arratsaldeko 18.00etatik gaueko 22.00etara, erromeria izango da Herriko Plazan, giro ezin hobean amaitzeko eguna.

Belaunaldi ezberdinak

Antolatzaileen esanetan, “polita da belaunaldi ezberdinetako trikitilari eta panderojoleak elkar ezagutzea eta elkarrekin jotzea, musika transmisioa bizirik mantentzen duelako”.

Ekimen hau Azkoitiko Udalak eta Trikigirok antolatzen dute, Tabernaixek elkartearen laguntzarekin. Trikiti zaleek ezin dute galdu jada urteroko bihurtzen ari den hitzordu hau.

Trikitixaren musika presente egon zen Azkoitiko Izer trikitilariaren agurrean Ibon Errazu

'Izer' trikitilariari azken agurra

Asteartean, agur esan zioten Azkoitian Manuel Agirrezabalaga, Izer, trikitilariari.

Herenegun hil zen, 74 urte zituela, eta Andre Mariaren Jasokundeko parrokian egin zen elizkizun hunkigarrian jendetza elkartu zen musikariari agur esateko.

Elizkizunaren amaieran, lagunek eta senideek, Auntxa eta Iturbideren Ernioko aitzetan pieza eskaini zioten, trikitixa eta panderoarekin.

Parrokia barruan, Iosu semeak abesti hunkigarria jo zion aitari.

Ibilbide oparoa

Pandero jotzailea eta trikitilaria izan zen Izer. Azkoitiko Izer baserrian jaioa, bertan ospatzen ziren igandeko erromeriek piztu zioten doinuarekiko zaletasuna.

18 urterekin eskaini zuen bere lehen erromeria, eta urteetan zehar soinua eta panderoa uztartzen aritu zen.

2012an, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen omenaldia jaso zuen Azpeitian, San Jose Trikiti Jaialdian, eta baita Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusian parte hartu ere.