Pasa den urteko etenaren ondoren, Sagardo Eguna berriro izango da Irungo Urdanibia plazan. Antxeta Irratiak, Betti Gotti Elkarteak eta Taupadak GKEk elkarlanean antolatu dute aurtengo XVII. edizioa, helburu argi batekin: iaz galdu zen festa herrikoiari berriz arnasa ematea.
"Aurten hiru elkarte elkartu gara, eta horri esker Sagardo Eguna bueltan da", adierazi du gaur goizean Jokin Melidak, Taupadak GKEren izenean. Melidak azpimarratu du Irungo Sagardo Eguna "Euskal Herrian zaharrenetarikoa" dela eta ezin dela ondare hori galtzen utzi. Hori dela eta, antolatzaileek betiko filosofia mantentzeko apustua egin dute, baina berrikuntzekin ere heldu dira.
Ohiko formatua
Antxeta Irratiko Asier Arbelaitzek azaldu duenez, dastaketa ohiko moduan egingo da: arratsaldeko seietan txotxaren irekierarekin emango zaio hasiera Urdanibia plazako festari. Guztira hamar sagardotegitako sagardoa dastatu ahal izango da: Irungo Ola, Lesakako Linddurrenborda, Oiartzungo Ordozelai, Errenteriko Egiluze, Astigarragako Alorrenea, Gurutzeta eta Petritegi, eta Hernaniko Altuna, Larregain eta Rufino. Berritasun gisa, horietako lauk sagardoa kupeletan eskainiko dute. Berrikuntza modura, lau sagardotegik kupeletatik eskainiko dute sagardoa.
Gainera, bakailao tortilla eta txorizo 3.000 pintxo eskainiko dituzte Irungo elkarte gastronomiko ugarik: Kurpil Kirolak, Jostailu, Irungo Motor Elkartea, Txingudi Rugby Klub, Irungo Euskal Kirolak, Nabartenea, Alde Zaharreko Auzo Elkartea, Aialdean, Erlaitz, La Salleko Ikasle Oihen Elkartea eta Bidasoako Euskal Kultur Taldea.
Sagardo Egunera bertatratzen direnek 10 euroko tiketak erosi ahal izango dituzte, eta horien truke basoa, hamar txotx eta pintxo bat jasoko dituzte. Aurten ez da zapiak banatuko, baina antolatzaileek herritarrei beren zapia ekartzeko gonbidapena luzatu diete.
Musika, euskara eta herrigintza
Melidak nabarmendu duenez, Irungo Sagardo Eguna euskalduna, parte-hartzailea eta herrikoia izango da. Euskaraldiak bere tokia izango du ere, eta aurten bi trikitilari talde ariko dira: Auntxa Trikitixa Eskola eta Udal Kontserbatorioko ikasleak. Gauean, Los Trankilos taldeak girotuko du plaza eta San Juan ingurua.
Gainera, Euskaraldiak ere izango du bere tartea Urdanibia plazan, euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Eta aurten lehen aldiz, Sagardo Egunak Instagram kontu propioa izango du, festa sare sozialen bidez ere biziarazteko: @irungosagardoeguna.
Etorkizunera begira
Betti Gotti elkarteko Joxeja Zabaloren hitzetan, aurten helburu nagusia “Sagardo Eguna berreskuratzea” izan da, baina datorren urterako “bultzada handiagoa” ematea dute asmo, festa kulturalago batean bihurtzeko asmoz.