Azken urteotan emakumeek gero eta parte-hartze handiagoa dute kirolean, baina oraindik ere erronka ugari dituzte gainditzeko. Gai horiek aztertzeko eta eztabaidatzeko, Hondarribiko Udalak ‘Emakumeak, kirola eta osasuna’ jardunaldia antolatu du Ane Bayoren eskutik. Ekitaldia maiatzaren 9an izango da, Itsas Etxean, 18.30ean.

Lupe Queiruga Kirol zinegotziak azaldu duenez, emakumeek kirola egiteko dituzten aukerak hobetu badira ere, oraindik erronka handiak daude. “Jardunaldi honek desbertintasun horiek ikustarazi nahi ditu", esan du. Aldi berean, hitzordua “kirolaren eta osasunaren arteko elkargunea” izango dela nabarmendu du, non kirol jarduerak emakumeen ongizate fisikoa, emozionala eta mentalean nola eragiten duen aztertzeko aukera izango den. 

“Gainera, jardunaldian emakumeek kirolean dituzten oztopoak aztertuko dira, eta agerian jarriko da kirola ez dela soilik ahalduntze tresna bat, baizik eta euren osasun integrala hobetzeko bide bat ere izan daitekeela”, gaineratu du.

Bi mahai-inguru

Ane Bayo antolatzailearen hitzetan, maiatzaren 9ko ekitaldia “hausnarketarako, inspiraziorako eta ikaskuntzarako gunea izango da” eta jardunaldiak helburu bikoitza du. Alde batetik, osasunari eta kirolari buruzko ikuspegi profesional eta anitz bat eskaintzea eta, bestetik, emakume kirolariek bizi izan dituzten erronkei eta bizipenei balioa ematea.

Horrtarako, bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoan hiru aditu hartuko dute parte, eta kirolak emakumeen osasunean duen eraginari buruzko ikuspegia emango dute, baita errendimendua optimizatzeko eta lesioak prebenitzeko beharrezkoak diren tresnak ere. Alde batetik, Elika Eskolako Garazi Lizarragak elikadurak emakume kirolarien osasunean duen eragina aztertuko du , eta nutrizio egokia oso garrantzitsua dela errendimendua indartzeko eta arazoak prebenitzeko azpimarratuko du.

Bestalde, Sara Mariezkurrena kirol-arloan espezializatutako psikologoak osasun mentalak kirolariengan duen garrantziaz arituko da, eta psikologiak errendimendua hobetu, estresa murriztu eta errekuperazio fisikoa eta emozionala erraztu ditzakeela azpimarratuko du.

Azkenik, Junkal Alzugaray fisioterapeutak bere arloan sakonduko du, ondo orientatutako ariketa fisikoak emakumeek izan ohi dituzten lesio arruntak prebenitu ditzakeela eta errehabilitazio egokia funtsezkoa izan daitekeela atleten errekuperazio-prozesuan adieraziz.

Lau atleta ezagun

Bigarren mahai-inguruan lau atleta ezagunek parte hartuko dute mahai honetan, eta emakumeek eliteko kirolean dituzten zailtasunei eta oztopo historikoak gainditzeko moduari buruzko ikuspegi paregabea eskainiko dute. Teresa Errandonea atleta profesional ohiak, bere karreran zehar emakumezkoen kirolak izan duen garapenari buruz duen ikuspegia partekatuko du, baita dinamikak denboran zehar nola aldatu diren azaldu ere. Emakumeek kirolean duten ikusgarritasunaren garrantziaz ere hausnartuko du.

Atelta profesionala den Izaskun Osesek atletismoan duen esperientzian eta emakume askok hain kirol zorrotzean bizitza pertsonalaren, familiarraren eta profesionalaren artean aurkitu behar duten orekan jarriko du arreta.

Bere aldetik, Malen Osa nazioarte-mailako trail runnerrak emakumeen artean mendiko kirolek gero eta ospe handiagoa dutela eta trail running-ak kirolarientzat aukera berriak ireki dituela azalduko du, eta, aldi berean, emakumeek horrelako diziplinetan dituzten erronka espezifiko batzuk agerian utzi ditu.

Azkenik, Jihad Essoubai nazioarte-mailako atleta profesionalak partehartuko du. Essoubai Nafarroan bizi da gaur egun, hiru herriko taldekoa da eta, 21 urte izanda, Nafarroako errekorra eskuratu zuen iaz. 

Mahai-inguru bakoitza amaitzean, hitz egiteko txanda izango da publikoarentzat, parte hartu ahal izateko eta parte-hartzaileekin galderak eta hausnarketak partekatzeko.

Sarrera librea

Jardunaldira joateko sarrera librea izango da aforoa bete arte. Gainera, familia-kontziliazioa errazteko, Udalak haurrak zaintza-zerbitzu bat jarriko du. Doako zerbitzu hori erabili ahal izateko beharrezkoa da aldez aurretik kirolak@hondarribia.eus helbidean izena ematea, datu pertsonalak, NANa, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adieraziz, bai eta haurren datuak, adinak, behar medikoak edo alergiak/intolerantziak dituzten haurren datuak ere.