Síguenos en redes sociales:

Pasaiak gurasoen eta haurren arteko komunikazioa hobetzeko hitzaldia antolatu du

Maiatzaren 8an Pasai Donibaneko kulturgunean burutuko da eta euskaraz izango da

Pasaiak gurasoen eta haurren arteko komunikazioa hobetzeko hitzaldia antolatu duFreepik

Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak Komunikazioa familian: guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen doako hitzaldia eskainiko du maiatzaren 8an, ostegunean, 17.30ean, Pasai Donibaneko Kulturguneko erabilera anitzeko gelan. Euskaraz izango da. Izen-emateagazteria@pasaia.net helbidearen bitartez egin behar da. Maiatzaren 5a izango da hitzaldian izena emateko azken eguna.

Hitzaldi hau TREBA Gurasoakprograman kokatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz,haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu.

Laguntza heziketan

“Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, gurasoek askotan behar dugu momenturen batean laguntza”, adierazi du Julen Rodríguezek, Haur, Nerabe eta Gazteen sustapen saileko zinegotziak. “Laguntza edo sostengu horrek helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu”.

Gurasoei laguntza hori eskaintzeko asmoz, Pasaiako Udalak bat egin du gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogiko honekin. Programa honen bitartez, gurasoei haurren eta nerabeen heziketa-prozesuan lagunduko dieten gaiei buruzko hiru hitzaldi eta tailer antolatuko dira herrian.

Egutegia

Lehenengo hitzaldia, arestian aipatu bezala, maiatzaren 8an izango da eta hurrengo biak udazkenean burutuko dira.

Osasun mentala eta nerabeak izenburuko hitzaldia azaroaren 5erako, asteazkenerako, programatu dute. 17.30ean izango da Trintxerpeko alkateordetzan eta elebitan eskainiko dituzte azalpenak.

Azkeneko hitzaldia Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean izenburukoa izango da. Solasaldi hau udazkenean egitea aurreikusita dago, data aurrerago zehaztuko delarik.