Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren TREBA Nerabeak programaren baitan, bi doako saio antolatu ditu maiatzean 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzenduta. Lehenengoak Ongizate Emozionala: Emozioak du izenburu eta besteak, Kuadrillen Saltsak: Nerabeen arteko harreman sareak.

Lehenengo saioa maiatzaren 16an burutuko da Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuan, 17.30etik 19.30era, eta Leire Urrak eta Carol Palaciok gidatuko dute. Bigarren saioa maiatzaren 29an izango da, baita ere Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuan, baina 17.00etatik 19.00etara gauzatuko da. Trebatzailea Beñat Benítez izango da.

Bi kasuetan izen-ematea gazteria@pasaia.net helbidera idatzita egin daiteke apirilaren 25etik aurrera eta saioa baino hiru egun lehenago arte; hau da, maiatzaren 13a lehenengo saiorako eta maiatzaren 26a bigarren saiorako izango dira azken egunak.

Bizi-kalitatea hobetzeko prestakuntza

Julen Rodríguezek, Haur, Nerabe eta Gazteen sustapenerako zinegotziak, aipatu duenez, ekimen hau 12-16 urte bitarteko Pasaiako nerabeei beren ahalduntze prozesuan lagunduko dien prestakuntza eskaintza da. "Nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburua du. Horretarako, Treba programaren ildo hau nerabeen errealitate eta beharretara egokitzen saiatuko da, unean uneko tendentziak kontuan hartuz”, adierazi du.

Horien helburuak dira neska-mutil gazteenen artean gaitasun emozionalak garatzea, osasun mentaleko ohitura osasungarriak sustatzea, arrisku-faktoreen prebentzioa, babes-faktoreen garapena bultzatzea, eta nerabeek harremanak izateko dituzten moduei buruzko hausnarketarako espazio horizontal seguru bat sortzea.