Hernanik haurren hazieran laguntzeko eskolak jarri ditu
Zero eta sei urte bitarteko umeak dituzten gurasoei zuzenduta daude
Guraso talde baten proposamenez, Haziera eskolak martxan jarriko ditu Hernaniko Udalak, “haziera osasungarrian bidelagun” izateko asmoz. Zero eta sei urte arteko haurrak dituzten gurasoei zuzendutako hiru saio izango dira apirilean eta maiatzean: bi hitzaldi eta tailer bat. Guztiak euskaraz izango dira, baina hitzaldietan berehalako itzulpen zerbitzua jarriko da.
Aditzera eman dutenez, saio hauetan landuko diren gaiak guraso talde horren eta Udalaren artean adostu dira. Saioak apirilaren 9an, 29an eta maiatzaren 7an izango dira. Hirurak doakoak izango dira, baina izena ematea derrigorrezkoa izango da.
Egitaraua
Lehenengo saioa Amaia Vazquez Eguzkitza psikologo klinikoaren hitzaldia izango da. Haurren garapen psiko-afektibo-sexuala eta soziala izango ditu hizpide. Udaletxeko areto nagusian izango da, 17.30etik 19.00etara. Gurasoen galderak erantzuteko tartea ere izango da.
Apirilaren 29an,Maddi Soroa Hernandez psikomotrizitatean espezialistak tailerra eskainiko du. Saio hau Biteri kultur etxean izango da, euskaraz, 17.30etik 19.00etara. Psikomotrizitatea zer den eta zertarako kontzeptu teorikoen bidez azaldu eta bizipen-esperientziadun proposamenak egingo ditu.
Azken saioa maiatzaren 7an izango da, Julene Armendariz Ezeiza pedagogo perinatalarekin.Mugak, arauak eta emozioen kudeaketa haurrekin izango ditu hizpide hitzaldian. Hausnarketarako eta egunerokotasunerako tresna praktikoak emateko tartea izango da. Saioa udaletxeko areto nagusian, 17.30etik 19.00etara izango da.
Izen-ematea eta zaintza zerbitzua
Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, apirilaren 7a arte, udal webgunean, albisteen atalaean, aurki daitekeen formulario bat batez. Toki mugatuak izango dira eta izena emateko ordena errespetatuko da.
Plaza kopurua gaindituz gero, itxaron-zerrenda osatuko da. Saio batean, bitan edo hiruretan eman ahalko da izena.
Kontziliazio zerbitzua ere eskainiko da bi eta sei urte arteko haurrentzat, Biteri kultur etxean. Izena ematean eskatu beharko da zerbitzua.
Informazio gehiagorako gazteria@hernani.eus helbidera idatz edo 943 337 041 telefono zenbakira deitu daiteke.