Elikaeneak irailean zabaldu zituen bere ateak helburu sendo batekin: Bergarako Oxirondo azoka biziberritzea. “Euskal Herrian zein hemendik kanpo, azoka gehienak hilzorian daude. Kontsumo eta baita ekoizpen moduak aldatu egin dira, eta gero eta urrunago gaude kontsumitzaileak ekoizleongandik. Egunero behar ditugun elikagaiak erosteko eta saltzeko bestelako bideak nahiago ditugun arren (ordutegi malguak, autozerbitzua…), azokak funtzio sozial eta publiko garrantzitsu bat betetzen dutela ezin dugu ahaztu. Bergarako azokak biziberritzeko beharra zuen eta espazioa birpentsatzearen ondorioz sortu zen proiektu hau. Azokak hiltzen lagatzea edo hauek biziberritzea, eredu kontua dela uste dugu. Elikadura bera erdigunean izanda, gobernantza eredua, dinamizazioa eta bertako produktua bideratzeko modu berriak gakoak dira. Bide honetan, laguntza handia jaso dugu, aditu zein beste esperientzia batzuen aldetik (Azpeitikoa, kasu). Halere, tokian tokiko errealitatera kokatuta egin behar dira planteamenduak”, azaltzen dute Ereindajan Kooperatibako kideek.

Bertako eta kalitatezko produktua ardatz bezala jarriz, kontsumitzaile eta ekoizleen artean zubiak eraikitzea da Elikaenearen xedea. “Elikadura mahaiak zein Bergarako Ereindajanek egindako ibilbidean asko ikasi dugu. Esperientzia horretan oinarritutako lan-ildo ezberdinak jarri ditugu martxan: bertako produktuak era egonkorrean eskuratzeko denda, sukaldea eta jantokien horniketa, eta bestetik azokaren dinamizazioa. Bertako produktua bideratzeko, ekoizleei, kontsumitzaileei zein erakunde ezberdinei bidea erraztu eta baldintzak sortzen ari gara. Ildo bakoitza martxan jartzea konplexua den arren, praktikan posible dela ikusi dugu”, gaineratu dute.

Oxirondo azokan kokatuta dagoen Elikaenea denda-topagunea. The Badass Project.

Eskaintza zabala

Oxirondo azokan kokatuta dagoen Elikaenea espazioa atontzeko lanak Udalak egin ditu. Ereindajan Bergara Koop. Elkarte Txikia ardura-tzen da hura kudeatzeaz, Udalarekin sinatutako hitzarmena medio. “Dendan erosketa ia guztia egin daiteke. Bertako produktuez gain, bertan ez daukaguna ahalik eta zuzenen eta modu justuenean ekartzen dugu. Kontsumitzaileari informazio hori eman eta irizpide batzuk lantzea ere garrantzitsua da: ekoizlea zein den, prezio-politika, zein eredutan ekoizten den.... Gurean, elikagaien %75 ekologikoan daukagu, %70 bertakoa da, %25 eskualdekoa, eta prezioaren %80 ekoizlearentzat da. Abiapuntua hau izanda, etengabe landu behar dugun zerbait da hau”, diote.

"Dendan erosketa ia guztia egin daiteke; elikagaien %75 ekologikoan du Elikaeneak, %70 bertakoa da, %25 eskualdekoa eta prezioaren %80 ekoizlearentzat da"

100dik gora ekoizle txiki

Momentuz, ehundik gora ekoizle txikiren produktuekin zuzenean ari dira denda hornitzen. “Uda sasoian, kontaktazio lan dexente egin genuen eta irailean zabaldu genuenetik ekoizle gehiago batu dira proiektura. Guretzat garrantzitsua da azokako postu ezberdinekin ere elkarlanean aritzea, eta egunero prestatzen dugu beraien produktuekin zerbait Elikaeneako sukaldean”, nabarmentzen dute irabazi asmorik gabeko elkarte honen arduradunek.

Bertako produktuen eskaintza zabala dago Elikaenean. The Badass Project.

Oxirondo azokara gerturatzen den jendea momentuaren araberakoa da. “Larunbatetako azokan herritarren mugimendu handia egoten zen lehenago ere, gazte zein heldu baina nagusiki azokako bezero finkoak. Astean zehar, askotarikoa da erosleen profila (jende heldua, gazteak, gertu bizi direnak, aparkalekua probesten dutenak…). Herritarren artean izandako harrera oso ona izan da, sortu dugun ekosistema berriarekin eta asteazkenetan sortzen den giroarekin pozik gaude”, aipatzen dute Ereindajaneko kideek.

Debagoieneko lehen sektorea biziberritzea, elikadura subiranotasunerantz aurrera egitea, kudeaketa eta ekoizpen eredu agroekologikoak sustatzea… dira mahai gainean dauden helburuetako batzuk. “Eskualde mailan daukagun irabazi asmorik gabeko tresna bat da Ereindajan, beste batzuen artean. Azken urteetan, dendaz harago askotariko proiektuetan gabiltza. Ulertzen genuelako, norbere erosketa erabakiez harago, beste eremu batzuetan eragin beharra genuela; esate baterako, udal politiketan edo ekoizleen lan baldintza duinak bermatzeko kontu ezberdinak martxan jartzen. Pilatu dugun jakintza eta harreman sare horretatik ulertzen dugu funtzio bat bete behar dugula egituratze lanetan”, adierazten dute.

Sukaldean bertako eta sasoiko elikagaiekin osatutako askotariko jaki eta platerak eskaintzen dira. The Badass Project.

Jantoki kolektiboetan txertatzeko lehen esperientziak

Bergara mailan, Elikadura Mahaiak paper nabarmena du, bertatik jaio baitira herri-proiektuak. Eskualde mailan, aldiz, baratzegin-tzarako ekoizpen proiektu kolektibo bat martxan jartzen ari dira eta bertako produktua jantoki kolektiboetan txertatzeko lehen esperientziei ekin diete. Honez gain, Euskal Herri mailan ere agroekologia bueltako erakunde ugarirekin hartu-eman estua dute egunerokoan.

Denda proiektuaren hanka garrantzitsua da, baina beste ekimen batzuk ere badaude inguruan Oxirondo espazioa dinamizatzeko: lan ildo guztiak martxan jartzeko harremanak egitea, azokako jarraipen batzordea sortzea, 'Eguaztenak Oxirondon azoka' eta sukaldaritza saioa, ekoizle berriekin harremana sustatzea, hainbat erakunde eta talderi bisitak egitea, ikastaroak antolatzea, komunikazio lana...

Sukaldean, gainera, bertako eta sasoiko elikagaiekin osatutako askotariko jaki eta platerak eskaintzen dira egunero. “Bertako produktua balorean jarri eta jakintza konpartitzea helburu du sukaldeak. Dendara ekartzen diguten produktuen zati bat egunero bertan prestatu eta jendeak eramateko aukera dauka. Barazkiak, gisatuak, zopak, eltzekoak, elaboratuak, postreak…, denetarik. Bertako gazta, zerba sorta bat eta irudimen pixkatekin plater gustagarri bat eskaintzen saiatzen gara, baina jendearen gustuen inguruan asko ikusten-ikasten ari gara oraindik”, zehazten dute.

"Produktua balorean jarri eta jakintza konpartitzea helburu duen sukaldean bertako eta sasoiko ellikagaiekin osatutako askotariko jaki eta platerak eskaintzen dira egunero"

Ibilbide emankorra

Ereindajanek Bergara eta Arrasateko denda-topaguneen artean 750 bazkide inguru ditu dagoeneko. “Esan genezake, ibilbidea oso emankorra izan dela zentzu askotan. Halere, garrantzitsua da ulertzea, gurea moduko proiektuak zein testuingurutan jaio ziren, eta orain zein behar eta aukera dauden. Duela 10-12 urte, eskualde mailan lan handia egin zen Ereindajaneko denda-eredua sortu eta hainbat kontsumo talde martxan jartzeko, Euskal Herrian oso gutxi zeuden. Gaur, ardura eta kezka daukagu kontsumitzeko moduetan egon diren aldaketekin, eta bereziki belaunaldi erreleboarekin. Argi dago, eskualde mailan hipermerkatu handi gehiago egoteak zeini egiten dion kalte. Gurea moduko irabazi asmorik gabeko proiektuei edo ekoizle txikiei eustea, ez da batere erraza. Elikadura burujabetzan aurrera egin nahi badugu, bestelako apostuak eta elkarlan markoak sortzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta konpromiso horri heldu diogu”, azpimarratzen dute Ereindajaneko Kooperatibatik.

Emakumez osatutako talde batek Elikaenea kudeatzen du. A.Dominguez