Errenteriako Zumardian eta inguruko plaza eta kaleetan San Tomas azoka ospatuko da datorren larunbatean. Duela 38 urte antolatzen hasi ziren eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten baserri azoka euskal baserri kulturaren jai bihurtu nahi dute, baina eguneratua, naturaren zainketan eta 0Kmko garaiko produktuen kontsumoan sakonduz

Arbasoen filosofia

“Beti presente izango ditugu gure arbasoek transmititu izan diguten filosofia: maizter ziren baserritar haiek baliatzen zuten abenduaren 21a errenta ordaintzeko, elkartzeko, negurako prestatzeko baliabideak biltzeko, batzeko, dantza egiteko, burkidearekin egoteko...”, esan dute antolatzaileek. 

Egitaraua

Horiek horrela, Neguko Solstizioa/San Tomas Batzordeak egitarau oparoa prestatu du egun guztirako. 11.00etan azoka ireki eta pregoia irakurriko dute eta hortik aurrera Errenteriako udal txistulariak herriko kaleetan barrena ibiliko dira, txapel jaurtiketa lehiaketa izango da Agirre Lehendakariaren plazan eta bertso saioa Foru plazan eta trikitilariak ez dira faltako.

Arratsalde partean, 16.00etatik aurrera, Bidenabar taldearen eskutik kontzertua egongo da Foru plazan, udal txistulari taldea eta Herri Arte Eskolako ikasleek dantzaldia eskainiko dute Xabier Olaskoaga plazan, herri kirolak izango dira Agirre Lehendakariaren plazan, bingo musikatua egongo da Foru plazan, jauziak eskainiko dituzte Zumardian eta Amulletako Danborrak eta Bixkor txaranga aterako dira.

Eguna amaitzeko 21.00etan txapelketa eta lehiaketa desberdinen sari banaketa burutuko da Zumardiko kioskoan eta 22.30ean Emaion taldearen erromeria hasiko da.

Mai zerrama

Gainera, baserritarren eta artisauen postuak, txistorra postuak nonahi eta egunaren erregina, zerrama, izango da Zumardiaren erdian eta aukera izango da haren pisua asmatzeko egun osoan zehar. Zerri emeari Mai izena jarri diote “urteetan bidelagun izan dugun kideari, Mairi, omenalditxo xumea baina sentikorra” eskaintzeko. “Ondo merezitako omenaldia da, guztioi ematen dizkigun animo horiengatik guztiengatik, gure kezkak argitzeagatik, gure ezinegonak jasateagatik, bere irribarrea eta eraginkortasunagatik, zarena zarelako izateagatik, Mai”, adierazi dute.

Elkarlana anitzen artean

Jai honen antolakuntzan herriko hamaika elkarte eta erakundek parte hartzen dute. Aniztasuna da beraien arteko lotura, baina auzolana eta errespetua du oinarri beraien arteko harremak. Aktiboki parte hartu dute aurtengo jaian: Ereintza dantza taldea, Alaitasuna, BPAN, Landarbaso abesbatza, Oiar-tzoko ikasleak, Burusoilen elkartea, Sputnik, AEK, CAR, Oiarso saskibaloi kirol taldea, Koldo Mitxelena ikastetxeko DBH eta Batxillerreko ikasleak eta Udala. 

Eskakizunak

Hainbat deialdi egin dituzte larunbaterako: euskara ahoan erabiltzea, baserritarrez jaztea eta edalontzi berreralbigarriak ekartzea. 

Gainera, animaliak errespetatzeko deia zabaldu dute eta Neguko Solstizioak/San Tomas eguneko Batzordeak ez du inongo eraso sexistarik onartuko herrian. Alabaina, horrelakorik jazoz gero, festako gune guztietan besoan zapi morea duen kide bat egongo da eta harengana jo beharko dute.