Urtero sendotuz doan Poesia Kaia jaialdian euskal poetak eta musikariak elkartuko dira bi egunez. Ekitaldiak abenduaren 14an eta 16an izango dira. Jon Legorburuk, Kultura zinego-tziak, aurkezpenean aditzera eman zuenez, ekimen honek “poesia sozializatu eta herritarrengana hurbiltzea” bilatzen du.

Arestian aipatu bezala, ekimen honek bi ekitaldi nagusi izango ditu eta biak 19.00etan hasiko dira Gezala Auditoriumean. Sarrerak doakoak dira, baina beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea hurrengo webgunean: sarrerak.lezo.eus

Abenduaren 14ko emanaldian, Tere Irastorza eta Joseba Sarrionaindia izango dira protagonista solasaldi poetiko batean

Larunbatean, azaroaren 16an, poesia eta musikaren uztarketa izango da, Beñat Arruti, Garazi Ugalde eta Juan Carlos Maistre poeta gonbidatuekin. Errezitaldiaren amaieran, musika kontzertu laburra izango da: Itsasne Fernández, klarinetea; Jon Makuso, biolina; eta Tomás Ruti, fagota.

Plaza sendoa

Kultura zinegotziak adierazi zuenez, “Lezok apustu handia egiten du kultura eta artearen alde, eta aurten ere poesia oholtzara ekarriko dugu.” Azpimarratu zuenez, Lezoko Udalak poesiari eskainitako tarte hau urteko amaierako kultur ekitaldien artean kokatzen da, herritarrentzako poesiara hurbilketa bat eskainiz eta kultur eskaintza aberastuz.

Aurkezpenean ere, Juan Ramon Makuso poetak parte hartu zuen eta nabarmendu zuenez, “lau urte daramatzagu Poesia Kaia egiten eta Lezoko plaza sendoa lortu dugu poesia eta kulturaren alde apustu eginez”. “Helburua poesia sozializatzea da, izan ere, jendeak ez du ohiturarik poesia entzuteko, eta pozgarria da Lezoko Udalak egiten duen esfortzua”, gaineratu zuen. 

Gonbidatuak

Goi mailako poetak izango dira bi egun hauetan Lezon.

Tere Irastortza Garmendia (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961eko otsailaren 23a) euskal idazlea da eta Olaberrian bizi da. Bere poema liburu batzuk Kritika Saria jaso zuten eta Poemak, hainbat antologiatan bildurik, italierara, gaztelerara, frantsesera, ingelerara, katalanerara eta gailegora itzuliak izan dira. 

Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958) euskal idazlea da. Olerki eta narrazio laburren hainbat liburu idatzi ditu, baita eleberri batzuk ere. Itzulpengintza eta saiakera landu ditu ere.

Beñat Arruti Irigoien (Zarautz, 1999) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. 2024ko Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketa irabazi du Arkeologia haragitan poemarioarekin. 

Garazi Ugalde Pikabea (Lezo, 1988) Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da 2011z geroztik. Gainera Hizkuntzalaritzan eta Euskal Filologian masterduna da. Hainbat lan argitaratu ditu, hala itzulpenak nola berak idatzitako lanak.

Azkenik, Juan Carlos Mestre (Villafranca do Bierzo, León 1957) poeta, grabatzaile eta saiakeragilea da. 2018an Gaztela eta Leon Letren Saria eman zioten bere bizi osoko lanaren omenez. Beste sari garrantzitsu batzuk ere baditu , hala nola 2009ko Poesia Sari Nazionala, La casa roja liburuagatik.