Azaroaren 15ean eta 16an Atsegindegin komiki azoka kokatuko da, Hernani euskarazko komikigintzaren erdigune bihurtuz. Hirugarren edizio honetan inoiz baino komiki aurkezpen gehiago izango dira, baita bestelako ekintzak ere.
Hernanikomik azokaren aurkezpenean, aditzera eman zutenez, udazkena euskarazko komikigintzan argitalpenetarako garai oparoa izaten da. Honela, izango diren hamar aurkezpenetatik sei labetik atera berri-berriak izango dira.
Argitaletxeak
Argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira azokan: Argia, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen elkartea-Xabiroi eta Nabarralde. Azokaren ordutegia 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara izango da bi egunetan.
Honez gain, azoka eremuan Space Opera euskal komikietan erakusketa ikusteko aukera izango da.
Azoka bakarra
“Hernani euskarazko komikigintzaren erreferente bihurtzea nahi dugu”, adierazi zuen Aitor Huizik, Kultura zinegotziak, aurkezpenean. Izan ere, Euskal Herrian euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da. Horregatik, “Euskal Herriko komikizale guztiak gonbidatu” ditu Huizik Hernanira hurbildu eta Hernanikomik azoka bisitatzera hurrengo asteburuan.
Hernaniko Udala, Hernaniko udal liburutegia eta komikigile sare bat (Mikel Begoña, Dani Fano, Aritz Ibarra, Koro Muro, Ainara Azpiazu Axpi, Alai Zumendi, Gregorio Muro...) aritu dira antolakuntzan. “Horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, Hernanikomik aurrera ateratzeko egiten duten lanarengatik”, adierazi zuen Ainara Aiestaranek, Hernaniko liburuzainak.
Ainara Azpiazu Axpi komikigile hernaniarrak “komikiak ere literatura” direla aldarrikatu du ozen, eta “Hernanikomik euskarazko komikigintzak behar duen prestigioa eta komikigileon ikusgarritasuna bermatzeko plaza interesgarria” dela azpimarratu zuen.
Aurtengo kartela Antton Olariagak egin du.
Saria
Hernanikomiken baitan, euskarazko komikigintzaren alde egindako lana saritzeko Joseph Camino saria ere banatzen da. Aurten, Asisko Urmeneta komikigile nafarrak jasoko du, hilaren 16an, 12.00etan.
Sari honekin lotuta, azaroaren 15etik 29ra, Biteri kultur etxean Urmenetaren ibilbide profesionala erakusten duen lanen erakusketa ikusteko aukera izango da