Lehen sektorearen egoera ekonomiko zaila arintzen lagundu nahi du Oiartzungo Udalak
Oiartzunen dauden lehen sektoreko proiektuak diruz lagunduko ditu aurten ere Udalak. 50.000 euro bideratuko ditu herriko ekoizle eta abeltzainek dituzten gastu ekonomikoak ordaintzeko. 2.000 eta 1.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jasoko dute, bakoitzaren ustiapen eta gastuen arabera.
Dirulaguntza hauekin, Udaletik aditzera eman dutenez, “lehen sektoreak bizi duen egoera ekonomiko zaila arintzen lagundu nahi du eta bertako nekazaritza eta abeltzaintza proiektuen iraunkortasuna babestu”.
Eskaerak
Oinarriak, eskaera orria eta deialdiaren xehetasunakOiartzungo Udalaren webguneko Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean daude eskuragarri. Dagoeneko irekita dago eskaerak aurkezteko epea. Erregistro elektroniko bidez edo udaletxe arreta zerbitzuan egin daiteke, hurrengo abenduak 1era arte.
Zein gastu lagunduko dira?
Aurreko deialdietan bezala, urtean zehar ustiategiek izan dituzten gastuak estaltzera bideratuko dira dirulaguntzak, besteak beste hauek izando dira: inbertsio eta ustiategien hobekuntzak; Oiartzungo baserritarren lan baldintzak hobetzeko ekintzak; abandonatutako nekazal lurretan jarduerak berreskuratzeko lanak; nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa; baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak; berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak; albaitaritza zerbitzuen gastuak edota nekazaritza erabilerarako ur gastuak eta abereen bazka eta pentsuen ordainketa.