Oiartzun burujabetzaren bidean
Urriaren erdialdean jardunaldi batzuk antolatu dira eta azkeneko egunean Oiartzun Burujabe aurkeztuko da
Badira ia hamar urte Oiartzungo elkarte, kooperatiba eta eragileak eta norbanako batzuk ekonomia burujabe baten alde lanean hasi zirela. Denborarekin saretzen eta komunitate bat sortu zuten.
Ekimena
2016an Alternatiben Oihartzuna ekimena burutzen hasi ziren. Aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna izan den herriko produktu eta esperientzia burujabeen erakusleihoa eta arlo honetan lan egiten dutenen sarea izan da.
Burujabetzen aldeko lana azkeneko legegintzaldian indartu da, Udala ere ekimen honetara gehitu zaienean eta zinegotzi bat izendatu zuenean burujabetzaz arduratzeko.
“Udalak beharrezkoa ikusi zuen herri antolatua egiten ari zen lana babestea”, adierazi du Iker Sarriegik, Elika kooperatibako kideak. Azkeneko urtean komunitatea sendotu eta Alternatiben Oihartzuna zena, orain Oiartzun Burujabe izatera pasa da, Udalaren parte-hartzearekin. Ibilbide honetan Sarriegi ere suspertzaileetako bat izan da.
Gaur egun Oiartzun Burujabe lau esparruetan ari da lanean: elikadura, hasieran martxan jarri zena; energia, kooperatiba energetiko bat dago bertan; zaintza eta euskara. Etorkizunean kulturakoa ere sortuko da. Arlo hauetan lanean ari-tzeko mahaiak sortuko dira bospasei pertsonez osatuta.
Zaintza eta euskara
Horiek horrela, Alternatiben Oihartzuna antolatu izan den datetan, aurten pauso bat gehiago eman, eta Burujabetzak izeneko jardunaldiak burutuko dira urriaren 17 eta 18an. Urriaren 19an, oiartzuarrak herri itunarekin konprometitu daitezen dei egingo du Oiartzun Burujabek, egun osoko egitarau zabalarekin. Jardunaldi hauek Udalbiltzarekin batera antolatu dira.
Arduradunek aditzera eman zutenez aste honetan egindako aurkezpen ekitaldian, ekimen guztiak doakoak eta irekiak izango dira, baina ostegun eta ostiral goizeko ekimenetan parte hartzeko izena eman beharko da burujabetzak.jardunaldiak.eus atarian.
Trantsizio ekosoziala
Herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izango da. Herri eskalako proiektuak aurkeztuko dira, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte-hartzearen paradigma berriak edo udalgintzatik estatugintzarako jauzia nola egin, besteak beste.
Jardunaldien lehenengo egunean, Oiartzun Burujabe esperientzia azalduko da hasteko eta, ondoren, Burujabetza esperientziak herri eskalan hitzaldia izango da: Olatukoopek herri kooperatibak azalduko ditu eta Ixambre kooperatibak, Aragoiko Artiedako esperientzia kontatuko du.
Bertako ezagutza
Jarraian, bisita gidatuak egingo dira Oiartzungo burujabetza esperientziak bertatik bertara ezagutzeko: Elika, Labore eta Arraztalo batetik, eta uraren kudeaketa publikoa, bestetik. Arratsaldean, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz hartuta, Lluc Salellas Gironako alkateak bere hiriko deshazkunderako politika publikoak azalduko ditu eta Debagoiena 2030 proiektuko Elena Herrartek josten ari diren trantsizio ekosozialerako eskualde aliantzak azalduko ditu.
Ostiralean, hitzaldi batekin hasiko da goiza. Gobernu arkitektura berriak eta parte-hartzearen auzia txapelpean, Julen Mendozak gizarte berrikuntzarako politika publikoak azalduko ditu eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak partaidetzazko aurrekontuetatik lurralde burujabetzara izango du hizketagai. Ondoren, lan saio bat egingo da udalgintza burujabearen inguruan.
Hitzaldia
Arratsaldean, Udalgintzatik estatugintzara hitzaldia eskainiko dute Mireia Vehí CUPekoparlamentari ohiak eta Bertie Russel Bartzelonako unibertsitateko irakasleak.
Jardunaldiei amaiera emateko, Oiartzungo Burujabetzen Eguna ospatuko da larunbatean. Eguerdian, mahai sektorialetan egindakoaren azalpena eta aurrera begirako erronkak azaldu eta ondoren Herri Ituna eta argazki kolektiboa egingo dira. Ondotik, bazkari herrikoia egingo da bertako produktuekin.
Arratsaldean, Yakovlev 42 eta Zurrounk herriko musika taldeen txanda izango da Doneztebe plazan. Gauean, Zea Mays taldearen kon-tzertuarekin, Landetxen, emango zaio amaiera jardunaldiei. Sarrerak salgai daude taldeko atarian.