Usurbilgo Oiardo kiroldegiko abonamenduek %25eko konpentsazioa izango dute 2026an. Udalak sutearen kalteak ekonomikoki baloratu eta obren aurreikuspenak eskuan izanda hartu du erabakia. Urriko osoko bilkuran azaldu zenez, kalteak 641.000 euroan baloratu dira, eta kreditu aldaketa bat onartu zen, aseguru etxearen erantzunaren zain egon gabe, Udalak obrak bere kabuz hasi eta irekitzeko prozesua azkartzeko: igerilekua eta sauna irekitzerako 2026ko udazkena izango da.
Abuztuaren 28az geroztik itxita daude kiroldegiko igerilekua eta sauna: sutea izan zen bezperan, saunan hasita, eta hori izan zen eremurik kaltetuena. Gainerako eremuak, astebeteren buruan ireki ziren, sakon garbitu eta kirola egiteko baldintzak bermatuta zeudela ziurtatu ostean.
Urtebeteko lanak
Igerilekuaren eta saunaren eremua berritzeak luze joko zuela ohartarazi zuen Udalak, eta hala erakutsi du kalteen balorazioak ere: 641.000 euroko kalteak izan dira. Orain, exekuzio proiektua idazten ari da Udala, eta kreditu aldaketa bat onartu zen urriko osoko bilkuran, obrak egiteko lizitazioa ahalik eta azkarren atera ahal izateko. Udalaren aurreikuspenen arabera, “ondo bidean”, 2026ko udazkena izango da bi eremu horiek ireki ahal izateko, alegia, sutea izan eta urtebete pasatxora.
Urriko osoko bilkuran EAJk galdetu zuen zerbitzuon itxieragatik bonifikaziorik edo bestelako onurarik egitea aurreikusten zen. Izatez, zenbait herritarrek eskatu dute jada itxieragatiko itzulketa egitea, baina Udalaren ordenantza fiskalek ez dute ahalbidetzen jada ordaindutako kuoten itzulketarik egitea. Horren ordez, 2026ko kuota ordaintzea egokitzen denean %25eko konpentsazioa egingo zaie bazkide guztiei.
Udalak gogorarazi duenez, Oiardo kiroldegiko abonamenduak eskubidea ematen die bazkideei Usurbilgo kiroldegia ez ezik Beterri Buruntzako eta Mugiment txartelaren sareko kiroldegiak erabiltzeko.