Urretxu – Azken astebetean beroketa lanak egin ondoren, urretxuarrak San Joan jaietarako prest daude. Aurreko asteburuan 3x3 saskibaloi txapelketa eta Lurraren Dantzari Txiki eguna egin zituzten eta asteartean gimnasia erritmika taldeak ikuskizuna eskaini zuen. Atzo, berriz, San Joan pilota txapelketako finalak jokatu ziren Ederrena pilotalekuan.

Ekitaldi nagusiak gaur eta bihar izango dira. Gaur, 18.00etan, Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandak kalejira egingo du. Jose Mari Lasa plazatik abiatuko dira eta Gernikako Arbola plazan bukatuko dute.

20.00etan hirurrena egingo dute Santa Barbaran eta ondoren auzoko baserritarrek San Joan arbola jarriko dute. 21.00etan, Lizarriturri txistulari taldekoek kalejira egingo dute.

San Joan bezperako ekitaldiekin bukatzeko, 22.30ean sua piztuko dute. Beti bezala, dantzariek, musikariek, bertsolariek eta txalapartariek parte hartuko dute eta iazko San Joan arbolari jarritako lore koroa sutara botako dute. Ondoren, plazan bertan, Uxue Kerejetak eta Andoni Oruesagastik trikitixa saioa eskainiko dute.

Bihar urretxuarrak Santa Barbarara igoko dira, San Joan eguneko erromeria ospatzera. Udal ordezkariak 10.00etan abiatuko dira udaletxetik, Lizarriturri txistulari taldekoek eta Lurra dantza taldekoek lagunduta. 10.45ean Zuhaitzaren Soinua txalapartari taldekoek deia egingo dute, Santa Barbaran bertan. 11.00etan meza hasiko da. Beti bezala, loreak bedeinkatuko dituzte. Udalak herritar guztiak loreak eramatera gonbidatu ditu. Lurra taldekoek elizan dantza egingo dute. Eta ondoren, kanpoaldean, agintariei aurreskua dantzatuko diete.

Toka eta lasterketa

Toka txapelketa ere 11.00etan hasiko da. Tiraldiak 11.00etatik 13.15era eta 16.30etik 18.00etara izango dira. 16 urtetik gorakoek bi euro ordaindu behar dute eta 16 urtetik beherakoentzat doan izango da. Sari banaketa ekitaldia 19.30ean izango da. Sari asko banatuko dituzte adin ezberdinekoen artean.

12.15ean Lurra taldekoek dantza saioa eskainiko dute eta 12.30ean Irimora igoera hasiko da. Parte hartu nahi dutenek herrikrosa.eus webgunean eman dezakete izena. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da. Kros txikian 2007tik 2012ra bitartean jaiotakoek parte hartuko dute eta igoeran gainontzeko guztiek. Parte hartzaileen artean sari asko banatuko dituzte. Adin guztikoentzat egongo dira sariak. Sari banaketa ekitaldia 13.00etan izango da.

Ondoren, Santa Barbarako auzotarrek herri kirol desafioa egingo dute. Herri kirol proben artean bertso eskolako bertsolariek abestuko dute. Ondoren, herri bazkaria egingo dute.

Bazkalostean, 16.00etan, haur eta gaztetxoen erromeria hasiko da. Helduena 17.30ean izango da, Erdizka Lauetan taldearekin. Udalak haurrak eta helduak dantza egitera animatu ditu. 20.00etan herritarren ekitaldi kuttunetako bat hasiko da: irrintzi txapelketa. A mailan 8-15 urtekoek parte hartuko dute eta B mailan 16 urtetik gorakoek. Sariak banatu ondoren, herritar guztiak herrigunera jaitsiko dira kantuan eta saltoka. Jaitsiera Lizarriturri taldeko txistulariek, Iratzarri dultzainero taldeak eta trikitilariek girotuko dute. Aierbe ahizpek, Kerejetak eta Oruesagastik joko dute trikitixa.

Santa Barbarara nola igo

Baimena eskatu dutenak bakarrik igo ahal izango dira autoan Santa Barbarara. Aurten Pagoeta auzoko errepidea bakarrik erabili ahal izango da Santa Barbarara igo-tzeko. Nekolaldeko bidea jaisteko erabiliko da. Baimenik ez dutenak Erratzu industrialderaino eta Etxabururaino bakarrik igo ahal izango dira.

Udalak autobus zerbitzua erabiltzera animatu ditu herritarrak. Aurten Jose Mari Lasa plazan egongo da geltokia. Autobus zerbitzua 10.00etan hasiko da eta 20.30ean amaituko da.