Oiongo, Getxoko, Zangozako, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako 200 ikasle inguru bilduko dira bihar Azpeitian aurtengo Kilometroen Kultur Izpiak egitasmoaren barruan kokatzen den Ikasleen Topaketa burutzeko.

Euskal Herri osokoak

Oiongo San Bizente ikastolatik (Araba), Getxoko San Nikolas ikastolatik (Bizkaia), Zangozako ikastolatik (Nafarroa) eta Baionako Bernat Etxepare Lizeotik etorritako ikasleek UEMArekin eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean Kilometroen antolaketa taldeak antolatu duen Ikasle Topaketetan parte hartuko dute, Azpeitiko Ikasberri ikastolako DBH4ko eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek gonbidapenari erantzunez.

Ongi etorria

Oion, Getxo, Zangoza eta Baionako ikasleei Azpeitiko Ikasberri ikastolan 10.00etatik 10.45era bitartean egingo zaien ongi etorriarekin emango zaio hasiera egitarauari. 11.00etan Euskararen egoera ostegun honetan hitzaldia eskainiko du Iñaki Iurrebasok Sanagustin Kulturgunean.

Ondoren, elkar ezagutza eta euskara trukea talde dinamika burutuko da. Topaketari jarraipena emateko, Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean antolatu den Mihiluze lehiaketarekin disfrutatzeko aukera izango dute Azpeitian bildutako gazteek. Ikasle Topaketak egitasmoan parte hartuko duten Oiongo, Getxoko, Zangozako, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako ikasleek 14.00etan Azoka plazan burutuko den bazkaria eta bingo musikatu batekin emango diote bukaera topaketari.

Helburuak

Hiru ardatz helburu hartuta egingo dira aurtengo Kilometroak, Izpiz izpi lelopean: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. “Euskara eta euskal kultura oinarri hartuta jardungo dugu, euskaraz bizi garen herri bat garela erakutsiz. Horretarako, elkarlanean eta herrigintzan ariko gara. Ikasle Topaketak Euskal Herriko hainbat tokitako gazteak elkar ezagutzeko, euskaraz aritzeko eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko antolatu ditugu. Ikastolako ikasleak izan dira egitaraua antolatu dutenak, UEMArekin eta Zaparraie euskara taldekoekin elkarlanean”, azaldu zuen Gorka Artola Kilometroak 2024ren koordinatzaileak.