Tolosako Udalak aste honetan adierazi duenez, udalerri osoa Bizitegi-Merkatuko Tentsio Eremu izendatu ahal izateko prozedura martxan jarri du, merkatuan esku hartu eta tentsio hori arintzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak EAEko tentsio eremuei buruzko azterlana argitaratu zuen otsailean, eta izendapena jasotzeko aukera duten udalerrien artean kokatu zuen Tolosa. Bada, izendapen hori egin aurretik egin beharreko lanak burutzeko kontratua martxan jarri du udalak.

24ko 12/2023 Legea

Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean jasota dagoenez, udalerri batek bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko ondorengo bi irizpideetako bat bete behar du: batetik, etxebizitzen alokairu edo erosketa prezioen azken bost urteetako hazkundea, erkidegoko KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izatea; bestetik, hipoteka/alokairu eta oinarrizko hornidura gastuek familien batez besteko errentaren %30 gainditzea.

Tolosaren kasuan, Udaleko kideek aste honetako batzarrean baieztatukoaren eta ETX Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen txostenean emandako datuen arabera, azken bost urteotako alokairuaren batez bestekoa %18 igo da: 2017an 552,4 eurokoa zen, eta 2022ko datu 651,8 eurokoa da. Lehen irizpidea beteko luke, hortaz. Errentari lotutako irizpidea, berriz, lau barrutietako batean betetzen da; 2021eko diru-sarreren batez bestekoa 32.047 eurokoa zen, eta etxebizitza kargak %31,95ekoak. Datuei erreperatuz gero, udalerri osoa tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko aukera duten udalerrien artean da Tolosa, beraz.

Tolosako Udala.

Etxebizitza

Tentsio handiko gune izendatu aurretik prozedura zehatz bat jarraitu behar da, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bi dokumentu aurkeztu behar dizkio Udalak. Batetik, etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat, eta bestetik, neurri zuzentzaileen ekintza plan bat, izendapena indarrean egongo den hiru urteetarako garapen egutegi batekin batera. Dokumentu horiez gain, memoria bat ere egin beharko du Udalak, datu objektiboetan oinarrituta, Tolosa tentsio handiko gune bilakatzeko eskaera arrazoituz.

Diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana egiteko kontratua dagoeneko sinatu du udalak, Ikei Research & Consultancy SA enpresarekin. “Hiru fasetan gauzatuko dute lana, eta lau hilabeteko epean burutu beharko dute”, azaldu dute udal ordezkariek prozeduraren inguruan. Lehen fasean diagnostikoa egingo dute. Horretarako auzo edota zentsu-sekzioak eta genero aldagaia hartuko dituzte kontutan, eta inguruko udalerriekin alderatuko dira datuak.

Joera demografikoak, azterketa sozioekonomikoa, etxebizitza-beharren eta eskariaren azterketa, etxebizitza parkearen bilakaera eta ezaugarriak, merkatua, edota etxebizitza programek eta politikek Tolosan duten eragina neurtuko da, besteak beste. Etxebizitza Planaren proposamena landuko dute bigarren fasean, eta azkenekoan justifikazio-memoria egin beharko dute, lana amaitutzat emateko.

Ekintza plana

Dokumentazio guztia egindakoan, Udalak tentsio handiko gune izendatzeko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, eta onarpena jasotzen den unetik aurrera udalak tresna gehiago izango ditu eskura, etxebizitza merkatuan eragiteko. Besteak beste, “une horretatik aurrera alokairuaren prezioak izozteko aukera” izango du udalak. Ander Figuerido, Udaleko Etxebizi-tza Azpisaileko zinegotziak aste honetan azaldutakoaren arabera, “prozedura hau egiterako garaian egin beharreko azterlanek non gehiago eragin dezakegun erakutsi ahal izango digute.

Ekintza planak tresna gehiago emango dizkigu, etorkizunerako plangintza osatu eta etxebizitza arazoari aurre egiteko”. Figeridoren esanetan, gainera, udal gobernuak bereziki etxe hutsen merkaturatzeari jarrai nahi die fokua. “Etxebizitza eskubide bat da, eta hori bermatzeko urrats gehiago emateko lanean jarraituko dugu”, nabamendu du Etxebizitza azpisaileko zinegotziak. Udalak, neurri hauei esker, herriko gazteen zein helduen emantzipazio aukerak gara-tzen jarraituko duela ere baieztatu nahi izan du Figeridok.