Udal gobernuko ordezkariek apirileko ohiko osoko bilkuran jakitera eman zutenaren arabera, “2023 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, gerakinak berrikusi eta horiekin kreditu txertaketa egin du udalak”. Horrela, guztira 1,5 milioi euro txertatu dira aurtengo aurrekontura.
Finantziazioa
Besteak beste, horien artean daude finantzaketa lotua duen Iurre auzoko urbanizazioa birgaitzeko exekuzio proiektua, Triangulo plazako berrurbanizazioaren exekuzio proiektua, udaletxeko led argiteria, Irisgarritasun Planaren eguneraketa, Iurramendiko babes ofizialeko etxebizitzen hormaren obra eta hilerriko obra.
Aipatutako moduan, 2023ko aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, gerakinak berrikusi eta, horiekin, kreditu txertaketa egin du Tolosako Udalak. “Iazko aurrekontuan zeuden diru partida batzuk dira, baldintza batzuk betez gero, aurtengora pasa daitezkeenak”, azaldu zuen Estitxu Kortejarena Kontu Hartzailetza eta Diruzaintza saileko zinegotzi arduradunak, astelehenean Udaletxeko pleno aretoan ospatu zen apirileko osoko bilkuran.
Iurre auzoko obrari dagokionez, berriz, pasa den astean bildu zen kontratazio mahaia, eta, udal gobernuko kideek aste honetan azaldu zutenez, azken txostena falta da, esleipen proposamenarena, alegia. Behin hau eginda, kontratua sinatu eta proiektua idazteko lanak abiatuko ditu udal gobernuak, eta proiektua martxan jarriko da. Trianguloko berrurbanizazio proiektuaren kasuan, aldiz, Udalak dagoeneko esleitu du proiektua idazteko lana. Enpresa esleipendunak ere jarria du bermea, eta berehala sinatuko da bi aldeen arteko kontratua. Kontratua sinatuta, “lanak berehala hastea” da udal gobernuaren helburua, astelehenean azaldu zutenaren arabera.
Udal politikak
Apirileko osoko bilkuran landutako beste gaietako bat izan zen genero ikuspegiarena. Izan ere, udal politiketan genero-ikuspegia txertatzeko beste urrats bat eman du Tolosako Udalak. Urratsak ematen jarraitzeko bide horretan, lantzen dituen tokiko araudi, ordenantza, administrazio-egintza eta plan sektorial eta estrategikoen genero-eraginaren ebaluazioa egiteko jarraibideak onartu ditu. Beraz, aurrerantzean, ibilbide eta erreferentziazko ereduak izango dituzte udal langileek, azterketa eta balorazioak egiteko, baita helburuen eta neurrien eraginkortasuna neurtzeko ere.
Berdintasuna
Berdintasun sailetik proposatutako neurrietako bat izan dela azaldu zuen Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak. “Botere publikoek diskriminazioari aurre egiteko betebeharra dute, eta emakume edo emakume taldeen oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatu behar dute”, azaldu zuen. Aurrerantzean, beraz, azterketa eta balorazioak egiteko eta helburuen zein neurrien eraginkortasuna neurtzeko erreferentziazko ereduak izango dituzte udal langileek.
Dirulaguntzen ordenantzarena ere izan zen landutako beste gaietako bat. Izan ere, otsaileko osoko bilkuran, Dirulaguntzen Ordenantza Orokorraren aldaketa behin-behinekoz onartzea erabaki zuen udalbatzak. Bada, apirileko bilkuran, behin betikoz onartu berri du, bi akats zuzenduta. Dirulaguntza deialdiak egiteko prozedura arintzeko eta aldaketak txertatzeko malgutasuna izateko aldatu da ordenantza. Orain arte, dirulaguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du Udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenan-tza propio bana. Urte batetik bestera, irizpideetan aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, aldaketa bietan egin behar zen, prozesua luzatuz. Orain, ordenantza propioak indargabetu dira, eta horien ordez, urtebeteko indarraldia duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak.
Hain zuzen, 2024ko dirulaguntzen deialdi bateratua prestatzen dabil Udala, eta ondo bidean, hilabete pasatxoko epean emango da deialdi horren berri. Tolosako Udala Haurreskolak Partzuergoko organo kolegiatuko kide da, baina oraindik izendatzeke zuen udal-ordezkaria. Aurrerantzean, Aitor Agirresarobe Murgi hezkuntzako zinegotzi arduraduna izango da Tolosako Udalaren izenean organoan parte hartuko duena.