Lasarte-Oriako toponomia ezagutzera emateko lehiaketa bat antolatu dute elkarlanean Udaleko Euskara sailak eta Txintxarri aldizkariak. Bide batez, udaleko https://toponimia.lasarte-oria.eus/ webgunea ezagutzera eman nahi da.

Txintxarri

Hortaz, hilabete honetan hiru astetan zehar, www.txintxarri.eus atari digitalean 30 galdera erantzun beharko dituzte jokalariek; aste bakoitzeko hamar. Lehenengo asteko galderak erantzuteko azken eguna igande honetan da. Hurrengo itaunak hilaren 13tik 19ra eta 20tik 26ra ihardetsi beharko dira.

Galdera guztiak asmatzen dituztenen artean nekazal etxe batean gau eta gosari bana zozkatuko dira, bi pertsonarentzat. Inork ez balitu denak ongi erantzungo, gehienak zuzen egin dituztenetako batek irabaziko luke.

Parte-hartzeak berak ere izango du saria; izan ere, lehiaketak egitera animatzen diren guztietako batek Avenida taberna-jatetxeko bi menu berezi (asteburukoak) poltsikoratuko ditu. Hilaren 28an iragarriko dugu saridunak nortzuk diren.

Lehiaketa

Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordokik eta Txintxarriko arduradun Iñigo Gonzalezek herritarrak animatu dituzte aipatu lehiaketan parte hartzera.

Toponimiaren dibulgazio lana abendura arteko egitasmoa da. Toponimiari buruzko artikuluak irakurri ahalko dira Txintxarrik datozen aste eta hilabeteetan argitaratuko dituen aldizkarietan nahiz atari digitalean, bi euskarri horietan zabalduko baitira jakintza alor horri buruzko edukiak.

Gainera, hilabete honetan galdera lehiaketa egin bezala, urrian argazki lehiaketa bat abiatuko da, lan honi kutsu ludikoa emate aldera.