Asteburu honetan, Hernani Errotzenek antolatuta, Erdi Aroko Azoka ospatuko da Hernanin. Hortaz, ostegun honetan 17.00etatik aurrera, 70 artisautza postu baino gehiago izango dira Kaxkoko kaleetan. Ekitaldiek eta azokak igande iluntzera arte Erdi Aroko giroa, estetika eta bizitza gogora ekarriko dituzte.

Produktuak

Herriko erdigunean kokatuko diren postuen artean hainbat produktu lantzen dituzten artisauak egongo dira, hala nola bitxigintza, kosmetika naturala, larrua edo zeramika. Era berean, hainbat elikadura-postu egongo dira, besteak beste, hestebeteak, gozokiak edo garrapinatutako produktuak, baita gune arabiar bat ere.

Postuak 17.00etatik 22.00etara irekiko dira ostiralean, eta 11.00etatik 22.00etara, larunbatean eta igandean. Eguerdian, 15.00etatik 17.00etara, artisautza postuak itxi egingo dira, baina ez taberna, janari zerbitzua eskainiko baitu.

Gainera, asteburu osoan zehar kalejira musikalak izango dira, bufoi, zango, dantzari eta su ikuskizunekin, besteak beste. Bestalde, txikienek ibilbidean zehar kokatuko diren ipuin-kontalariak eta tailerrez gozatzeko aukera izango dute.

Postuak

“Erdi Aroko Azokak Hernaniko erdialdeko kaleak Erdi Aroko herri bihurtuko ditu, 70 artisautza posturekin. Ostiraletik igandera arte hainbat ekintza aurrera eramango dira, hala nola kalejirak, su ikuskizunak, dantzak edo haurrentzako jarduerak”, esan dute antolatzaileek.

Ekitaldiei dagokienez, bihar 17.00etatik aurrera Alharam musikala, Eulali ipuin kontalaria, ohiko ipuinak eta Tinglao taldeko kale antzerkia eta ikuskizuna izango dira gauera arte.

Emanaldi hauek asteburuan zehar errepikatuko dira bai goizez, baita arratsaldean ere. Batzuk ibiltariak izango dira eta beste batzuk plazan eskainiko dira.

Gainera, larunbatean 10.30ean partaideen desfilea izango da eta larunbatean 13.30ean eta 18.00etan eta igandean ordutegi berberarekin Ugna Regnun taldeko borrokalariek erakustaldi bat eskainiko dute.

Erdi Aroko azoka Plaza Berrian eta bere inguruko Kaxkoko kaleetan izango da. Informazio gehiago behar dueneak www.hernanimedieval.com orria ikus dezake.